Alkatearen «hipokresia» kritikatu du Hernaniko alderdi sozialistak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 2a, 00:00

PSE-EE «kezkatuta» agertu da Euskadin seigarren olatuak eragindako egoerarekin, eta udal gobernuaren «kudeaketa» kritikatu du. 

Udal talde sozialista, «harrituta eta haserre» agertu da Hernaniko alkateak abenduaren 23an, «udal osoaren izenean», Osasun sailburuari bidalitako gutunagatik. Bertan, osasun zentroek pairatzen duten egoera arintzeko neurriak eskatzen ziren. PSE-EEk dio «gutuna alde bakarrekoa» izan zela: «sozialistek ez dakite zein den gutun horren edukia», adierazi dute.

Hau kontutan izanik, Ricardo Crespok kritikatu du alkateak ez dituela «inoiz» partekatu Gotzone Sagarduiri egiten dizkion «errekerimenduak eta hausnarketak, udalbatzan dauden gainerako alderdi politikoekin». Beraz, Crespok honakoa dio: «ezin da izan udalaren gutun bat, baizik eta alkatearena, edo haren gobernu taldearena».

Bozeramaile sozialistari sekula ikusi gabekoa iruditzen zaio oposizioak alkatearen salaketei eutsi behar izatea: «izan ere, alkateak dio tokiko gobernua kritikatzeagatik kritikatzen dugula, proposamenik ez egiteagatik eta guztiari uko egiteagatik». Hala ere, Crespok jakinarazi du udal gobernuak «alde bakarreko erabaki mota horiek» hartzen dituenean, partekatu izan balitu, «ados» egon zitezkeela.

Alderdi sozialistaren ustez, «alkateak bere jarduerarik ezaren arreta gainerako erakundeen erantzukizunera desbideratu nahi du». Eta Osasun Saila ekarri nahi izan du mahai gainera: «hipokresiaren gailurra Osasun Sailari neurriak hartzeko eskatzen zaionean iristen da, Gabon gauean kalean kontzentrazioak eta ospakizunak egitea baimentzen den bitartean, horri buruz ezer egin gabe».

Halaber, talde sozialista «kezkatuta» agertu da Euskadin seigarren olatuak eragindako egoerarekin, «baina lehenago ere» jakin bazekiela «neurriak hartu behar zirela», gaineratu du. Eta Crespok gogorarazi du arazoaren 30ean, PSE-EEk gainerako alderdi politikoei jakinarazi ziela neurri posibleak aztertu behar zirela.

Crespok honakoa gehitu du, amaitzeko: «denok dugu gogoa festa hauek gure jendearekin ospatzeko, eta norbanakoaren ardurapean geratzen da neurriak egoki betetzea. Hala ere, bakoitzak duen kargua betetzean, une bakoitzean egokiak diren erabakia hartu behar dira, ez dira baloiak kanpora bota behar, erantzukizuna beste batzuen gain gera dadin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!