Urriza eta Labaka txapeldun berriro, azkeneko tantoetan erabaki zen final estuan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 2a, 00:00

Martirena, Ansa, Labaka eta Urriza, podiumean. Argazkia: Maialen Andres

Gorabehera haundiak izan zituen finalak, eta gorriek egin zituzten azkeneko lau tantoak, 40-37 nagusitzeko. 29-22 izan ziren atzetik Ansa eta Martirena, eta lortu zuten partiduari buelta ematea, baina ezin izan zuten borobildu.

Final lehiatua bezain ikusgarria espero zen ostegunean Galarretan, Binakako Txapelketan, eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin. Javier Urrizak eta Jagoba Labakak jantzi zuten txapela, bigarren urtez segidan, Imanol Ansari eta Ibai Martirenari irabazita (40-37).

«Trabatua eta oso taktikoa». Horrela definitu zuen finala Javier Urrizak. Bi bikoteak saiatu ziren kontrarioaren aurrelaria saihesten, jokoan sartzen ziren bakoitzean egiten baitzuten min, bai Ansak eta bai Urrizak. Iruindarrak beste behin erakutsi zuen zergatik den azkeneko urteetako erremontista onena, eta denetik egin zuen osteguneko finalean, txapela janzteko. Urnietarrak egin zituen tantorik ikusgarrienak, bi paretaz bereziki; baina sendotasun haundia erakutsi zuen Urrizak, eta horrek eman zien garaipena. 18 tanto egin eta 4 galduta bukatu zuen Urrizak, eta 19 egin eta 7 galduta Ansak.

Atzeko koadroetan, urduri hasi ziren Labaka eta Martirena, eta ez zuten asmatu sakearekin ere, partiduaren aurreneko zatian. Bigarrenean sakatu zuten hobeto, eta lau tanto egin zituen Labakak horrela, eta sei Martirenak.

Hasieratik izan zen berdindua partidua, eta hasierako takada txikiak, haundiagoak izan ziren gero. Horrela, 14-14koarekin zortzigarrenez berdindu ondoren, ihes egin zuten gorriek: 20-15, 25-19 eta 29-22. Buelta eman zioten Ansak eta Martirenak, ordea, eta 30-31 aurreratu ziren. Berriro berdindu zen partidua, urdinak 36-37 aurretik jarri ziren arte. Orduan, bere esperientzia baliatu zuten Urrizak eta Labakak, lau tanto segidan lortu eta txapela janzteko.

Aurretik, hirugarren posturako lehian, Endika Barrenetxea hernaniarra eta Ander Goikoetxea nagusitu ziren, Aritz Juanenea eta Joxin Aizpururen kontra (40-32).

Endika Barrenetxeak berak jaso zuen txapelketako atzelari onenaren saria, eta Urrizak aurrelari onenarena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!