Hernaniko Udalak dio Florida 108ko eraikina botatzea gomendatzen duela txosten teknikoak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 31a, 00:00

Eraikinaren egoera aztertuta, honakoa ondorioztatu da: egitura oso kaltetuta dago eta eraikina birgaitzeko aukera baztertu da.

Joan zen abenduaren 24ko gauean, Hernaniko Florida 108 zenbakiko etxeak sua  hartu zuen, eta ondorioz, bertan bizi ziren bizilagunek etxea utzi behar izan zuten. Suhiltzaileek sutea itzaltzea lortu zuten, baina sugarrek egurrezko egitura duen eraikinaren teilatua erabat kiskali eta goiko etxebizitzetan kalte haundiak eragin zituela azaldu du Udalak.

Hau guztia kontutan izanik, Udaleko Hirigintzako teknikaria eraikinaren egoera aztertzen aritu da, eraikinetako aditu baten laguntzarekin, eta honakoa ondorioztatu dute: egitura oso kaltetuta dago eta eraikina birgaitzeko aukera baztertu dute. Gainera «ahalik eta lasterren eraistea proposatzen dugu, segurtasuna bermatzeko asmoz» gaineratu dute teknikariek.

 

Kaltetuekin bilera

Udal ordezkariak, bilera baten bueltan bildu ziren atzo, kaltetutako bizilagunekin, jabeekin eta maizterrekin, egoeraren berri emateko.

Udalak gogorarazi du suak hartutako eraikinean sei familia bizi zirela, eta denak onik atera zirela. Ondorioz, Udalak familia bakoitzaren egoera aztertu du, eta  Alokabideri eskaera zehatza egin ondoren Alokabidek erantzuna eman du: datorren hilabetean hiru alojamendu jarriko ditu, sei hilabetez. Beste hiru familiei Udalaren baliabide eta zerbitzuak eskainiko zaizkie.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!