Urte Zaharreko Erronda eta San Silbestrea, urtea korrika edota kantuan agurtzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 31a, 00:00

Kronometroak prest lasterketa hasi, eta urtea behar bezala amaitzeko.

Wukroren aldeko San Silbestrea izango da 16:50etatik aurrera, Plazan, haur, gazte zein helduentzat; eta 17:30etan jarri du zita Ohitura Zaharrak taldeak, udaletxeko arkupeetan, musika eta bertsoz lagunduta kale buelta egiteko.

2022garren urtea ate joka daukagu eta Hernanin aurkitu dute aurtengo urtea agurtzeko aitzakia ederra: batzuk korrika ariko dira Wukroren aldeko San Silbestrean, eta beste batzuk, berriz, kantuan, Urte Zaharreko Erronda ospatuz. 

Arratsaldeko 16:50etatik aurrera, 8 urtera artekoen lasterketa hasiko da, eta guztira 300 metro zeharkatuko dituzte. Txikien lasterketa hau amaituta, 9 eta 11 urte bitarteko gazteak irtengo dira, arratsaldeko 17:00etan hain justu, eta 800 metro egingo dituzte.

Lasterketa nagusiari arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera, eta 4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Urtero moduan, Gudarien Plazatik abiatuko dira, Hernaniko kaleak igaro eta plazan amaituko da Wukroren aldeko San Silbestrea. 

Antolatzaileek, bi berezitasun nagusitu dituzte; alde batetik,  Covid-19ak behartuta, izen emate mugatua egin dela: «segurtasun neurriak behar bezala bermatzeko asmotan». Eta bestetik, Etiopia eta, bereziki Wukro kokatzen den Tigray zonaldea gerran dagoela murgilduta, «eta horrek gosete izugarria eragin du». Horregatik, gaurko lasterketan ateratako etekin ekonomikoak «inoiz baino garrantzia gehiago» duela diote antolatzaileek. 

Horrez gain, arratsaldeko 16:00etatik 17:15etara bitartean dortsalak jaso ahal izango dituzte korrikalariek arkupeetan, eta izena eman ez dutenek aukera izango dute dortsala erosteko, 13 euroren truke. Eta antolatzaileek aditzera eman dute sari banaketa ere arkupeetan egingo dela. 

Azkenik, aurten ere mozorro onenarentzat produktu ezberdinez osatutako saskia oparituko da.

Aipatu moduan, batzuk hankak astintzen jardungo dute gaurko arratsaldea, baina beste batzuk, ahotsa astinduko dute «urteari, bertso eta triki doinuez agur esan nahi baitiogu».  Arratsaldeko 17:30etan emango zaio hasiera Ohitura Zaharrak taldeak antolatutako Urte Zaharreko Errondari, udaletxeko arkupeetan. Baserritarrez jantziko dira, eta alde zaharretik barrena, musika eta bertsoak lagun dituztela, 2021garren urtea agurtuko dute.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!