Euskal zumba eta Jon Plazaolaren emanaldi umoretsua, gaurko plana

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 00:00

'Irabazi' emanaldi umoretsua eskainiko du Jon Plazaolak gaur, Biterin.

Hainbat tailer, jolas eta emanaldi antolatu ditu Doberak, Gabonetako oporraldiaren bigarren zatirako ere.

Mota guztietako ekintza eta jolasekin igaro dute Hernaniko haur eta gaztetxoek, Gabonetako oporraldiaren aurreneko zatia. Eta bigarrenerako ere, badaukate nahikoa aukera. Dobera Euskara Elkarteak, esaterako, lau tailer eta jolas dauzka antolatuta, datozen egunetarako.

Gaur bertan izango dira aurreneko biak. Batetik, umorerako tartea izango da Biterin, arratsaldeko 19:00etan hasita: Irabazi emanaldia eskainiko du Jon Plazaola aktoreak. Sarrerak badaude oraindik, eta Doberaren bulegoan (Larramendi 11) es­kuratu daitezke, 12 euroan; Do­berako bazkideek 10 euroan. Saioa hasi aurretik ere izango dira eskuragarri, Biterin.

Eta hori baino lehen, dantzarako tartea izango da, goizean, herritar guztiei zuzenduta: euskal zumba egingo dute Atsegindegin, 11:00etan hasita, Doberako begiraleek gidatuta. Herritar guztiei zuzenduta dago, eta ez da aldez aurretik izena eman behar, bertan parte hartzeko.

Igandean, berriz, Hi Selfie! jolasarekin ariko dira, herriko kaleetan barrena. Udaletxeko arkupeetan hasiko da, 11:00etan; eta 3-6 kideko taldetan banatuta ariko dira. Talde bakoitzak jasoko du argazki bat, herriko txokoren batean ateratakoa; eta helburua izango da, argazki horren erreprodukzioa egitea, ahalik eta ondoen. Sariak ere emango dituzte: argazki onena ateratzen duen taldearentzat izango da sa­rietako bat; eta zozketatu egingo dute bestea.

Datorren asteartean, urtarri­laren 4an, izango da hurrengoa: Buruarinen tailerra egingo dute, 10:30etan hasita, Atsegindegin. 3-12 urteko haurrentzat izango da, heldu batek lagunduta; eta bertan, buruarin bana egin eta etxera eramateko aukera izango dute haurrek, 10 euroren truke (Doberako bazkideek, 8 euro).

Eta urtarrilaren 7an, azkenik, talde jolasak egingo dituzte, 11:00etan Atsegindegin. Doberako begiraleek gidatuko dituzte, eta haurrek zein helduek hartu dezakete parte.

Hi Selfie! jolasean, Buruarinen tailerrean eta talde jolasetan aritzeko, izena eman behar da aldez aurretik: 662 406 692 edo dobera@dobera.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!