Txapeldun ohien gorria eta sasoi onaren urdina aurrez aurre, Binakakoaren final haundian

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 00:00

Labaka, Urriza, Ansa eta Martirena, finaleko pelotekin. Argazkia: Maialen Andres

Txapelaren bila ariko dira Urriza-Labaka eta Ansa II-Martirena, gaur gaueko 21:15etan hasita Galarretan. Txapelketako onenak izan dira Ansa eta Martirena orain arte, baina iazko txapeldunek gora egin dute azkeneko partiduetan.

Parekatua bezain ikusgarria espero da Binakako Txapelketaren finala, gaur gaueko 21:15etan ha­sita, Galarretan. Bi bikote sendo izango dira protagonista: Javier Urriza eta Jagoba Labaka, iazko txapeldunak, gorriz; eta Imanol Ansa eta Ibai Martirena, txapelketa honetan sasoi onena erakutsi dutenak, urdinez.

«Primeran» elkar ulertzen dutela onartu dute Ansak eta Martirenak, eta «gozatzen» ari direla txapelketan. Ilusio haundiz eta «ondo prestatuta» iritsiko dira finalera, baina partidu gogorra espero dute, eta «kontrarioa mugitu» beharko dutela uste dute. Martirena izango da debutari bakarra, gaurko finalean: «jokatzen hasi arte urduri egongo naiz, baina hortik aurrera ahalik eta ondoen aritu beharko dut. Txapela posible ikusten dugu, baina oraindik asko dago egiteko. Txikitatik aritu naiz Imanolekin erremontean, eta oso polita izango litzateke berarekin irabaztea».

Ligaxkan, 40-31 nagusitu ziren Ansa eta Martirena, baina ordutik gora egin dute Urrizak eta Labakak: «erraz irabazi ziguten, baina gure sentsazioak oso onak dira orain, eta konfiantza gehiagorekin gaude». Badakite Urriza saihesten saiatuko direla kontrarioak, eta Labakari lana ematen: «beraiek iniziatiba ez izaten saiatu behar dugu, eta bikote sendoa garela erakutsi».

Jaialdiko bigarren partidua izango da finala, eta ETB1ek zuzenean emango du, 22:30etatik aurrera. Horren aurretik, hirugarren posturako lehian ariko da Endika Barrenetxea hernaniarra, Ander Goikoetxearekin ba­tera, Aritz Juanenearen eta Joxin Aizpururen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!