«Biolentzia kapitalistaren aurrean beharrezkoa da langile antolakuntza»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 29a, 00:00
Arratsaldeko 19:30etan hasiko da mobilizazioa, Plazatik.

Gaur arratsaldeko 19:30etan, mobilizaziorako deia luzatu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak Hernaniko Gudarien Plazatik abiatuta: «ez da salaketa hutserako mobilizazioa izango, basakeria kapitalistaren aurrean proletalgoaren antolakuntza beharrezkoa ikusten baitugu».

Biolentzia kapitalistaren aurre­an langile antolakuntza lelopean, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak urte guztian zehar hil diren langile, emakume eta migratzaileen kasuak jarri nahi izan ditu mahai gainean. Eta hau guztia salatzeko, manifestaziorako deia luzatu du; gaur arratsaldeko 19:30etan izango da, Hernaniko Plazatik abiatuta. Kontseilu Sozialistak dio «datu beldurgarriak» utzi dizkigula 2021ak Euskal Herrian: «59 pertsona izan dira erailak soldatapeko lanean, 7 pertsonek galdu dute bizitza muga zeharkatu nahian eta 5 emakume erail ditu indarkeria matxistak».

Honen guztiaren atzean, Kontseilu Sozialistak honako irakurketa egin du: «sistema kapitalistak bere baitan duen biolentziarekin funtzionatzen du. Eta bere adierazpide bortitzenak ikusten ditugu horrelako kasuetan, hainbeste jende hil behar izatea, sistemaren funtzionamendu ‘normal’ batean». Gaurko manifestazioa antolatu da heriotza horiek salatzeko «eta baita horien aurrean aldarrikatzeko behar ditugun defentsa mekanismoak. Beraz, esan daiteke, hortik abiatuta antolatu dela mobilizazioa».

Sistema kapitalistak eragiten dituen kalteen berri ere eman dute Kontseilu Sozialistako kideek, aipatuz, «biolentzia sistema kapitalistari berezkoa zaion ezaugarria» dela: «istripu zein erailketak biolentzia kapitalistaren agerpen bortitzena izan baldin badaitezke ere, ez dugu ahaztu behar biolentzia sistema kapitalistari berezkoa zaion ezaugarria dela, berau esplotazioan oinarritutako sistema den heinean. Beraz, argi esan dezakegu, gertaera horiek ez direla inondik inora ere kasualitatez ematen diren gertakari isolatuak. Sistema kapitalistak beharrezkoa baitu biolentzia langileriaren sumisioa eta obedientzia bermatzeko».

Gainera, beste hainbat kasu  ere ekarri nahi izan dituzte erdigunera: «ezin ahaztu hilabetez-hilabete gora doan suizidio kopurua, eta tabooa denez, datuak ez dira publiko egiten. Horrez gain, egunero-egunero etxegabetuak izaten ari diren pertsonak, jazarpen polizial itogarria pairatzen ari diren gazteak… Kasu horiek guztiek logika berari erantzuten diote. Eta gainera bizi dugun krisi testuinguruan areagotu egingo diren joerak dira honakoak».

Aipatu moduan, biolentzia kapitalistan jarri du fokua Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, eta ondorioztatu du, burgesiak ofentsiba bat hasi duela langileriaren aurka: «besteak beste ikusi ahal izan dugu hori Covid-19aren kudeaketarekin eta ematen ari zaion aterabide errepresiboarekin. Gainera alderdi politiko guztiak, ustezko ezkertiarrenak ere, ofentsiba hori bermatzen ari dira».

Egoeraren larritasuna azpimarratu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, izan ere, diote, egunero ikusten dela biolentzian oinarritzen den sistema kapitalistaren funtzionamendua: «azken batean, esan daiteke, ari garela gu hiltzen burgesiak bere etekinak atera ahal izateko. Beraz, horren aurrean bai ikusten dugula beharrezkoa proletalgoaren antolakuntza, eta Kontseiluaren helburua, hasieratik gaur egun arte behintzat, baliabide horiek sortzen joatea da».

 

Galdetegien emaitzak, errealitatearen erakusle

Kontseilu Sozialistak, jazarpen laboralaren inguruko galdetegi bat pasa zuen duela denbora bat, eta guztira, 104 bat erantzun jaso zituen. «Eskualdean zabaldu genuen,  eta bilatzen zen ikusaraztea egunerokoan edozein lanetan eman daitekeela jazarpena». Behin emaitzak jasota, Kontseiluaren ustez, datuetan zentratuz, agerikoa izan da langileek noizbait pairatu duten jazarpena. Izan ere, galdetzen zuten, adibidez: jarrera autoritarioak pairatu dituzu? mespretxuak, errespetu faltak… Eta galdera horretan, 104 erantzunetatik, %50ak baiezkoa erantzun zuen. Beste galdera bat zen; ea lan egin duten beharrezko segurtasun neurririk gabe, eta erantzunen %65ak eman zuen baiezkoa. Hori horrela, «kapitalismoak sortu eta ahalbidetzen dituen adierazpen biolento guzti horien aurka borrokatzea dagokigu. Eta horien aurrean gure buruak defendatu ahal izateko bitartekoak sortuko ditugu». 

Horretarako, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak ezinbestekotzat jo du proletalgoaren antolakuntza. Beraz, gaur arratsaldeko 19:30etan, Hernaniko Gudarien Plazatik abiatuko den mobilizaziorako deia luzatu du: «ez da salaketa hutserako mobilizazioa izango. Basakeria kapitalistaren aurrean proletal­goaren antolakuntza independentearen beharra azpimarra­tzea dagokigu, sozialismoa gaur­­danik erabaki behar baita».

 

Kontseiluaren urteurrena

Duela urtebete, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistaren lehen aurkezpena egin zuten, eta esan daiteke bertan jaio zela  Kontseilua. Beraz, gaur, hain justu, urte bat bete du.

Amaitzeko, herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte gaurko elkarretaratzera; Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistarekin bat egin eta urteurrena ere aitzakia hartuta, mobilizatzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!