Binakako Txapelketaren final haundia, bihar gauean Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 29a, 00:00

Urriza eta Labaka ariko dira, Ansa II eta Martirenaren kontra, 21:15etan Galarretan. Hirugarren posturako lehia ere, jaialdi berean.

Zita garrantzitsua daukate pelotazaleek, bihar gauean: erremonteko Binakako Txapelketaren finala jokatuko da Galarreta frontoian, 21:15etan hasita. Eta txapel preziatuen bila ariko dira Urriza eta Labaka, iazko txapeldunak, gorriz, eta Ansa II eta Martirena, urdinez.

Ligaxkako bi bikote onenak izan ziren horiek, eta lehia bizia espero da, bereziki aurreko koadroetan. Ansak eta Martirenak erosotasunez irabazi zuten semifinala, Juanenea eta Aizpururen kontra (40-25); eta gehiago kosta zitzaien Urrizari eta Labakari, Goikoetxearen eta Endika Barrenetxea hernaniarraren au­­rrean (40-36). Ligaxkan, gainera, Ansa eta Martirena nagusitu ziren, bi bikote finalistak elkarren kontra aritu zirenean (40-31). Baina final batean edozer gerta daiteke, eta are gehiago Urriza aurrez aurre edukita.

Jaialdiko bigarren partidua izango da finala, eta aurretik, hirugarren posturako lehian ariko dira, semifinaletako bi bikote galtzaileak: Goikoetxea V eta Barrenetxea IV, eta Juanenea eta Aizpuru III.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!