Korrikalariek girotuko dute Urte Zahar eguneko poteoa, etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 29a, 00:00

Urtebeteko etenaldiaren ondoren, bueltan izango da San Silbestrea bihar.

Neurri bereziekin jokatuko da Wukroren aldeko San Silbestrea, 16:50etatik aurrera. Bihar arte dago epea, izena emateko.

Segurtasun neurri bereziak hartuta, baina bere San Silbestrea izango du Hernanik, aurtengo­an. Urte Zahar egunez izango da, ohi bezala, eta etzi arratsaldeko poteoa girotuko dute korrikalariek, herriko kaleetan barrena. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Wukroren aldeko San Silbestrearen proba nagusia, 12 urtetik gorakoentzat; eta 4 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, Plazatik abiatu eta bertan bukatuta.

Hori baino lehen, beste bi lasterketa ere izango dira, gaztetxoentzat. 8 urtetik beherako­ena izango da aurrena, 16:50etan hasita, eta 300 metroko ibilbidea osatuko dute. Eta ondoren, 17:00etan, 9-11 urtekoen txanda izango da, 800 metroko proban.

Bi berezitasun izango ditu aurtengo probak, CD Hernani eta Hernani Wukrorekin antolatzaileek azaldu dutenez: «batetik, eta Covid-19ak hala behartuta, mugatua izango da izenematea, segurtasun neurriak behar bezala bermatzeko. Eta bestetik, Wukro kokatzen den Tigray zonaldea gerran murgilduta dago, gosete izugarria eraginez. Horregatik, lasterketan lortzen dugun etekin ekonomikoak inoiz baino garrantzia haundiagoa du, bere osotasunean bideratzen baitugu Angel Olaranek Wukron egiten duen laguntza proiektura».

 

Izenematea bihar arte, Ibaimendin eta interneten

Lasterketa nagusirako izenematea zabalik dago, Ibaimendi dendan edota rockthesport.com webgunean. Bihar arte apuntatu daiteke, 10 euroan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!