«Basakeria kapitalista» salatzeko, mobilizazioa deitu dute biharko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 28a, 00:00

Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak antolatu du, eta arratsaldeko 19:30etan abiatuko dira Plazatik.

Mobilizazioa deitu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak, bihar arratsalderako, Hernanin. Plazatik abiatuko dira 19:30etan, «basakeria kapitalista» salatzeko eta «langileriaren antolakuntza in­­dependentearen beharra» azpi­­marratzeko.

Izan ere, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak dio, «datu beldurgarriak» utzi dituela 2021ak Euskal Herrian: «59 pertsona izan dira erailak soldatapeko lanean, zazpi pertsonak galdu dute bizitza muga zeharkatu nahian, eta bost emakume erail ditu indarkeria matxistak». Eta gaineratu du: «istripu zein erailketak biolentzia kapitalistaren agerpen bortitzena izan baldin badaitezke ere, ez dugu ahaztu behar sistema kapitalistari be­rezkoa zaion ezaugarria dela biolentzia, esplotazioan oinarri­tutako sistema den heinean. Beraz, argi esan dezakegu gertaera horiek ez direla, inondik inora ere, kasualitatez ematen diren gertakari isolatuak. Sistema kapitalistak beharrezkoa du biolentzia, langileriaren sumisioa eta obedientzia bermatzeko». Eta gogora ekarri nahi izan ditu Kontseilu Sozialistak, era berean, «gora doan suizidio kopurua, egunero etxegabetuak diren pertsonak, jazarpen polizial itogarria pairatzen ari diren gazteak... Logika berari erantzuten diote horiek guztiek».

Horregatik luzatu du deia, «kapitalismoak sortu eta ahalbidetzen dituen adierazpen bio­lento guzti horien aurka borro­katzeko, eta horien aurrean gu­re buruak defendatu ahal iza­teko bitartekoak sortzeko. Bihar­ko mobilizazioa ez da salaketa hutserako izango; baita proletalgoaren antolakuntzaren beharra azpimarratzeko ere, sozialismoa gaurdanik eraiki beha­rra baitago», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!