«Papelerari lizentzia emateko bi urte behar izan zirenez, herri osoak galdu du»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 28a, 00:00

Hernaniko EAJ-PNVk argitu nahi izan ditu, bere triptiko bati buruz argitaratu ziren adierazpenak, Jasota Bezala ataleko iritzi artikulu batean.

Abenduaren 22ko Kronikan argitaratu zuen idatzi bat Josu Arri­eta Iraolak, Jasota Bezala atalean, Hernaniko EAJ-PNVk etxez etxe banatutako triptiko bati buruz. Eta idatzi horri erantzun nahi izan diote jeltzaleek, zenbait kontu «argitzeko». Izan ere, EAJ-PNVk eskatu du, «guk bida­litako dokumentu bati buruz idatziko bada, egiaz aritzea».

Hori horrela, iritzi artikuluaren sinatzaileari galdetu dio, zergatik engainatu nahi izan duen datekin. «Arrieta jaunak esan du, Zikuñagako papelerak 2019an erabaki zuela obrak geldiaraztea, baina gezurra da. Gure triptikoak dio 2021ean erabaki zuela hori», dio EAJ-PNVk.

Eta gaineratu du, «tristea» dela «hain testu xinplea azaldu behar izatea»; baina edonola ere, horri buruzko azalpena eman nahi izan du: «lizentzia azkar eman balitzaio, Zikuñagako papelera Europan bigarren enpresa izango zen enbalajerako paper malgua egiten. Baina lizentzia jasotzeko bi urte behar izan zituenez, obrak hastean egiaztatu zuten, Europako bigarren enpresa beharrean, bosgarrena izango zela, eta Europako merkatua nahiko banatuta egongo litzatekeela ordurako, dagoeneko martxan zeuden lau enpresen artean. Horrek eragin zuen papelerak obrak geldiaraztea 2021ean, eta aztertzea gastatuko ote zituen 200.000.000 euro, eta inbertsio hori errentagarria izango ote zen. Horrekin, Hernani osoak galdu du. Gauza batzuk, herri honetako pertsona batzuengan, ez dira aldatzen», nabarmendu dute jeltzaleek.

«Ez digute aurkeztu Urbieta kalea oinezkoentzat jartzeko proiektua»

Beste kontu bati ere heldu nahi izan dio EAJ-PNVk, Hernaniko Udal Gobernu Tal­de­a­ri kritika eginez: «prentsan ikusi dugu, erabakita da­goela Urbieta kalea oinezkoentzat jar­tzeko proiektua. Oposizioko alderdioi ez digute aurkeztu proiektu hori, eta ez digute aukerarik eman proposamenak aurkezteko. EH Bilduren jarrera ez da aldatzen Gabonetan ere. Urte berri on denoi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!