«Nahi genuen guztiek izatea arropa eta jostailuak, egun berezi hauetan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 28a, 00:00

Bi emakume jostailuak begiratzen, Amherren doako azokan.

Amherrek eskerrak eman dizkie Errugbi Elkarteari, Ikusi-Makusi dendari, eta jostailuak, arropa eta objektuak eman dituzten guztiei.

Makina bat arropa eta jostailu banatu zituen Amher elkarteak, abenduaren 18an eta 19an antolatu zuen doako azokan. Horietako asko ziren Hernaniko Errugbi Elkarteak bildutakoak, Jostailu bat, sarrera bat kanpainaren barruan.

Amherren biltegian (Latsunbe 42) egin zuten horien banaketa, Gabonen aurreko asteburuan, larunbat arratsaldean eta igande goizean. «Horrekin, nahi genuen guztiek izatea arropa eta jostailuak, egun berezi hauetan; inori ez falta izatea horrelakorik. Eta era berean, baliabideen berrerabilera ere sustatu dugu», azaldu du Amher elkarteak.

Horregatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete banaketarako arropa eta jostailuen bilketan parte hartu dutenei: «Errugbi Elkarteari, jostailuen bilketarako ekimenagatik, balioetan heziz eta gure ondoan bizi diren horien errealitatea ikusaraziz, baliabiderik ez daukatenak. Ikusi-Ma­kusi dendari ere bai, eman dizki­gun jostailuengatik. Eta eskerrak urte osoan zehar arropa, objektuak eta jostailuak ematen dituzten pertsonei, indibidualki edo Errugbi Elkartearena bezalako ekimenen bitartez. Oso beharrezkoak dira, horrelakorik ez daukatenentzat. Eta azkenik, eskertu nahi dugu boluntarioen lana, biltegia kudeatu, koordinatu eta antolatzen».

Amher elkarteak gogorarazi du, gainera, duela 10 egun egin zuten banaketa ez dela «ekintza puntual bat». Izan ere, urte osoan zehar, biltegia irekita izaten dute asteazkenetan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara, arropa, jostailuak eta opariak jasotzeko eta emateko. Eta ordutegi horretan joaterik ez dutenek, Amherren telefonora deitu dezakete (943 33 60 71), beste egun edota ordu bat zehazteko.

Urtarrilaren hasieran, doako beste azoka bat

Abenduaren 18 eta 19koa ez da izango Amherren hitzordu bakarra, aste hauetan. El­karteak aurreratu duenez, urta­rrilaren hasieran ere egingo dute doako beste azoka bat, arropa, jostailuak eta objektuak banatzeko. Sare sozialetan emango dute ho­rri buruzko informazioa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!