Eztabaida Plenoan, 2022ko aurrekontuen onarpenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 26a, 00:00

Urteko azken Plenoa izan zen asteazkenan, eta gai potolak landu zituzten. Alderdi sozialistak eta EAJk osotasuneko emendakina aurkeztu zuten. 

Plenoa izan zen asteazkenean, Hernaniko Udalean. Urteko azkena izan zen, hain justu, eta gai garrantzitsuak landu zituzten, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ohiko ordutegia eta eguna aldatu zen aurreko egunean Santo Tomas eguneko ospakizuna izan zelako. Gai potoloak landu zituzten; besteak beste, 2022ko aurrekontu orokorren onarpena. Eta puntu horretan, hain zuzen, eztabaida piztu zen gobernuko alderdien artean. Izan ere, hainbat desadostasun medio, EAJ-PNVk eta PSE-EEk osotasuneko emendakina aurkeztu zuten eta Elkarrekin Podemos, berriz, abstenitu egin zen. 


Xabier Lertxundi alkateak, Isa Sánchez Ogasun zinegotziarekin batera, azaroan aurkeztu zuen datorren urteko aurrekontua: 31.048.000 eurokoa izango da, eta 2021ekoarekin alderatuta %8,87 igoko da; alegia, 2.530.900 euro gehiago. Ereñotzuko Auzo Udalak 458.200 eurokoa izango du, iaz baino 106 mila euro gehiago, eta Hernaniko Udalak, aldiz, 30.589.800 euro, 2021ean baino 2.424.700 euro gehiago. «Legegintzaldian izandako aurrekonturik altuena da hau», azpimarratu zuen alkateak. 


Xehetasuak eman ondoren, Lertxundik adierazi zuen politika egiteko hainbat bide daudela, eta EH Bilduk, azaroan aurkeztutako proposamenean oinarrituta, azpimarratu zuen gainerako alderdien iritziak eta iradokizunak entzuteko prest agertu zirela. Nolanahi ere, bide hori soilik Elkarrekin Podemosek hartu zuela adierazi zuen. «PSE-EEk eta EAJ-PNVk kexak eta desadostasunak helarazi dituzue, baina ez duzue proposamenik egin». 


Alkatearen adierazpena entzunda, ordezkaritza duten alderdi guztiek haien iritzia eta argumentua adierazi zuten.  Eta behin hori amaituta, alderdi sozialistaren eta jeltzaleen ezezkoarekin, Elkarrekin Podemosen abstentzioarekin eta EH Bilduren baiezkoarekin, onartuta gelditu ziren 2022ko aurrekontuak. 

Henase Elkartea eta Auzozaintza, aho batez
Bestalde, Henase Hernaniko Nekazari Elkartearen aldeko dirulaguntza izenduna onartzeko proposamena aurkeztu zuen Patxi Ibarguren zinegotziak, eta aho batez onartu zen. «Herrian Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren sustapenerako dagoen elkartea bakarra; irabazi asmorik gabekoa da eta sektore profesional guztientzako dago irekita». Horren haritik, Ricardo Crespo alderdi sozialistaren bozeramaileak adierazi zuenez, «elkarlanaren adibide ona» izan zen Ibargurenek aurkeztutakoa. Andoni Amonarraizek ere Crespok adierazitako baieztatu zuen. «Beste batzuez gain, politika egiteko modu egokia da hau ere; hain zuzen, proposamenak aurkeztuz, guztion artean landuz eta moldaketan denon artean eginez».  


Bere aldetik, Auzozaintza egitasmoaren berri eman zuen Itsaso Lekuona zinegotziak. Udalak, Zabalduz gizarte ekimeneko kooperatiba elkarteak eta Maitelanek sinatu beharreko hitzarmena da, eta aho batez gelditu zen onartuta. «Oso proiektu polita, beharrezkoa eta interesgarria iruditzen zaigu», aitortu zuten Crespok, Amonarraizek eta Aristregik. Hain justu, «bakardade ez aukeratuan» dauden herritarrentzat zuzendutako ekimena dela azaldu zuen Lekuonak. «Zaintza krisian dago. Gainera, ikusi dugu, Hernanin, zahartze maila oso altua dela, pertsonala arrazializatua, zenbaitetan ia esklabizatu dagoela eta, gainera, egun dagoen beharrei asetzeko nahikoa baliabide ez dagoela». Horregatik erabaki dute martxan jartzea egitasmo hau. 


Amaitzeko, ostegunean ere, premiazko deialdia onartuta,  ohiz kanpoko plenoa izan zen lehenengoaren segidan. Hernaniko Energia Berriztagarriaren Komunitatea Kooperatiba Sozietatean, Udala bazkide laguntzaile bihurtzeko proposamena landu zuten. Aldeko bozka eman zuten EAJ-PNVk eta Elkarrekin Podemosek; alderdi sozialista, aldiz, abstenitu egin zen.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!