52-59 egunak: Zambian barrena abenturak aurrera jarraitzen du

BERRIA 2021ko abe. 24a, 09:06

52. eguna: Kabwe – Mapeba (77km, +253m)

Askotan eman digute abisua euri garaia datorrela eta hemen euria egiten duenean gogotik egiten duela. Orain arte zaparrada bat edo beste izan dugu inguruan baina ezer handirik ez. Gaur gauean ezagutu dugu Afrikako benetako ekaitza.

Behean jarritako argazkiak ekaitza urrun zegoela ateratakoak izan dira. Ikuskizun aparta izan dugu denbora batez. Esperientzia ez da hain dibertigarria izan gugana gerturatu denean ordea… Oso gertu jo dute tximista batzuek eta bat 20 metro ingurura aurkitzen zen poste moduko batean jotzen ere ikusi dugu. Bidai guztiko momentu beldurgarriena.

53. eguna: Mapeba – Mkushi (70km, +231m)

Beste behin eskola batean lo egiteko aukera izan dugu. Emakume batek egin digu harrera gaurkoan. Hasieratik atzeman diogu irakasle zorrotzaren itsura, eta arratsaldean irakasle lanetan nola aritu den ikusita, gure lehen intuizio hori baieztatu ahal izan dugu. Hamaika irakasle izandakoak gara eta badakigu bakoitzak nondik jo dezakeen!

Hori bai, eskolako ikasle kopuru ikaragarria kontrolpean mantentzeko balio izan dio izaerak. Esandakoari kontra egiten ez da inor ausartu gaurkoan behintzat!

54. eguna: Mkushi – Chimukuma (57km, +327m)

Jarraitzen ari garen errepideak orain arte bazterbide zabala eta asfaltatua izan du. Gaurkoan bazterbide hau asko estutu da eta bizikletaz ibiltzeko arrisku maila handitu honekin batera. Komentatu digutenez hemendik aurrerako kilometro guztiak horrela izango dira, Tanzaniara iritsi arte behintzat. Eta ez dira kilometro gutxi, 700 zehatzak izateko.

Mapa hartu eta alternatiba bila jarri gara. Hurrengo herrian tren bat hartzeko aukera omen dago. Hau Tanzania arte joaten bada ere, trenez 300 km egiteko erabakia hartu dugu, eta ondoren trafikorik gabeko errepide bat hartu mugara arte. Errepide alternatibo honetan kilometro gehiago egin beharko ditugu, baina segurtasuna bermatua izango dugu.

55. eguna: Chimukuma – Serenje (81km, +386m)

Gaurko etapan ere atzoko kontu berdina: errepide estua eta trafiko dezente. Eskerrak trena hartuko dugun… Edo hori sinetsita iritsi gara behintzat.

Estazioan bertan jaso dugu notizia txarra: Duela hilabete pasatik trenbideko zubi bat hautsita aurkitzen da eta konpondu bitartean ez da trenik izango. Aze kolpea! Berandu jaso dugu albistea eta gaua estazioan bertan pasa dugu segurtasuneko langile jatorren babesean.

56. eguna: Serenje – Mpika (300km kotxez) eta Mpika – Chibaye (26km, +110m)

Goizean goiz errepidera itzuli gara baina ez bizikletaz ibiltzeko asmoarekin. Kamioi, auto edo autobusen bat geratzeko intentzioa genuen aurretik aipaturiko 300 kilometroak egiteko. Gaurkoan zortea aldeko izan dugu eta nahiko azkar lortu dugu auto batek taxi lana egitea 20€-ren truke.

Kaleko haur bat izandako txoferra izan dugu. Gorriak ikusi behar izan zituen ume eta gazte garaietan, baina ikasketak burutzea lortu zuen jatetxeetan platerrak garbitzen lorturiko diruarekin. Kirolak asko lagundu dio bizitza estilo osasuntsu bat izaten, eta jarritako pasioarekin eskubaloi jokalari profesional izatera iritsi zen.

Gaur egun eskubaloi entrenatzaile moduan dabil modu boluntarioan. Berari hainbeste lagundu dion kirola erabili nahi du gehien sufritzen ari diren gazteei laguntzeko. Motibazio iturri bat izan dezaten eta talde bateko parte senti daitezen.

57. eguna: Chibaye – Chandesi (102km, +212m)

Herri txiki batean gaua pasatzeko aukera izan dugu gaur, bertako familia baten etxe inguruan. Euri sasoia hasi berri da eta lurrak lantzeko garaia ere bai. Etxekoek gaurko egunean eginkizun bakarra izan dute, baina ez makala: kakahueteak zuritzea bihar hauen haziak landatu ahal izateko. Arratsalde osoa zuritzen eta kontu kontari pasa dugu etxeko atarian.

Herri txikietan ez dute ez sareko konexiorik, ez argi indarrik etxean. Beharrik ere ez. Zoriontsu izateko guztia dute beraiekin: jana, edana, bakea, lagunak eta familia.

58. eguna: Chandesi – Kasama (89km, +321m)

Astebete jarraian bidaiatzen pasa ostean deskantsu beharra sentitu dugu, bai guk eta bai bizikletek. Nekea pilatuz doa eta bizikletako parrilekin ere arazo txiki bat suertatu zaigu. Kasama herrian pare bat egun emango ditugu mantenu lanetan. Bizikleten kasuan erramintak erabiliz eta gure kasuan bainu freskoen bidez.

59 egune: Kasama (Deskantsua)

Badirudi puskatutako zubia pasa dugula eta Kasamatik aurrera trenak normaltasun osoz funtzionatzen duela. Kasamatik Tanzaniako mugarako bidea segurua da eta zihur gaude gozatu ederra hartuko dugula bidean. Bestalde, trena hartzeko gogoz geratu ginen aurrekoan eta esperientzia paregabea izan daiteke bidaiarentzat.

Erabaki bat hartu beharrean gaude. Tanzaniako mugara iristeko garraioa. Trena edo bizikleta, bizikleta edo trena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!