Super merkatura joatea eguneko momentu desatseginenetako bat izaten ari da guretzat. Izan ere, sarreran 10-12 urteko mutikoak diru eta janari eske egoten dira. Normalean esku bat tripan dutela eta pena aurpegiaz begiratuta eskatzen dute jatekoa.
Barruak nahastu dizkigun egoera bat izan da guretzat. Ordu asko pasa ditugu gaiaz hitz egiten eta mila zalantza sortu zaizkigu. Zein jokabide hartu behar dugu? Ez dute familiarik izango? Non egingo dute lo? Gobernuak edo bertakoek ez dute ezer egiten hauei laguntzeko? Jatekoa erosi behar diegu?
Kabwe herriko Sables eskolan lan egiten duen Regina izeneko emakume bat ezagutzeko aukera izan dugu. Haurrekin lan egiten duenez, egoeraren berri inork baino hobeto jakingo duela pentsatu eta gai honi buruz galdetzea erabaki dugu.
Esan digunez, guztiz egoera ezberdinetatik datozen haurrak dira. Asko umezurtzak dira, eta beste batzuk, etxean jasandako biolentziagatik alde egitea erabaki dutenak. Azken taldean, gurasoentzako dirua lortzera joaten direnak daude.
Reginak esan digunez, gure logikaren kontra, haur hauentzat kalean bizimodua aurrera ateratzea erraza da. Jendearen limosnak jasoz, egunero behar beste janari eta diru lortzen dute. Gainera lo egiteko lekuak ere nahiko erraz aurkitzen omen dituzte. Arazoa nerabezarora iristen direnean hasten da. Izan ere, gizon itxura hartzen dutenean, jendeari ez diote horrenbesteko pena ematen eta zailago egiten zaie dirua lortzea. Ezer ez dutenez, pixkanaka lapurretara jotzen hasten dira.
Gainera, kaleko egoerak erraztuta, oso gaztetan hasten dira droga gogorrak hartzen (13-14 urte). Lortzea errazena denez, gasolina sartzen dute sudurretik gehienetan. Horrez gain kola ere kontsumitzeko joera izaten dutela esan digute.
Gobernuak gai honi aurre egiteko soluziorik planteatzen ez badu ere GKE eta ongintzako erakundeek alternatibak dituzte eta haur hauekin lanean ari dira. Sables eskolan esaterako, ikasketak eta jatekoa dohainik izateaz gain bertako instalazioetan lo egiteko aukera dute.
Ulertzekoa den moduan, haur hauentzat oso zaila da kaleko bizitzara ohitu eta gero arauak dauden bizimodu berri batera aldatzea. Hori dela eta, eskolan sartzen diren askok alde egiten dute, beraientzat ordutegi eta arauak betetzea baino kalean jarraitzea errazagoa delako. Hau gerta ez dadin, Reginak haur hauek ahalik eta lasterren identifikatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Eskolan dauden kaleko haur batzuk ezagutzeko zortea izan dugu. Bertan lan egiten duten gizarte hezkuntzako langileak hauen adaptazioan ari dira lanean.
Abraham: Kalean bizi izandako haurra izateaz gain autismoa du. Egoera zaila den arren, baratzeko lanetan laguntzeaz gain, beste haur batzuekin batera untxi bat zaintzeko ardura du.
Blessing: Asko kostatzen ari zaio klasean egotea baina eskola prestatzen ari zaion adaptazioan pausu handiak ari da ematen. Beti laguntzeko prest omen dago, garbiketa lanetan, sukaldean edo beste edozein lanetan.
Fenomeno hau pobreziak dakarren beste ondorio bat dela esan dezakegu. Naiz eta haur hauek kaletik irteteko aukera izan, zaila da beraientzat kaleko bizimodura ohitu ondoren gizarte sistemara bueltatzea.
Gure inguruan askotan entzuten den esaldi bat etorri zaigu burura: “Unibertsitate ikasketak etxetik kanpo egin ondoren, etxera itzultzean asko kostatu zitzaidan gurasoen arau eta ordutegietara ohitzea”.
Guri kosta egiten bazaigu, pentsa ezazue zein zaila izango den haur hauentzat egoerari buelta ematea.