Osasun arreta indartzeko neurriak hartzeko eskatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 24a, 00:00

Gotzone Sagardui Osasun Saileko arduradunari gutuna bidali eta eskatu dio lehen mailako osasun-zentroek duten egoera arintzeko.

Hernaniko Udalak gutun bat bidali dio Gotzone Sagardui Osasun Saileko arduradun nagusiari lehen mailako osasun-zentroek egun bizi duten egoera arintzeko neurriak har ditzala eskatzeko. «Izan ere, pandemia dela eta, lanez gainezka daude anbulategiak, eta horrek kaltetzen du herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua», aipatu dute.

«Pandemiaren ondorioz, Osakidetzako lehen mailako arreta gainezka dago eta gure herritarrek egunero pairatzen dituzte horren ondorioak. Osasun-zentroek lan-gainkarga dute, eta pandemiak eragindako egoerarekin, askotan, arakatzaileei dagozkien zereginak egin behar izaten dituzte. Horrela, Covid-a ez den gaixotasunen bat duten pertsonei zaila egiten zaie osasun-zentroarekin harremanetan jartzea, eta ezin dituzte medikuarekin dituzten hitzorduak normaltasunez izan. Era berean, bilatzailerik eta arakatzailerik ez dagoenez, herritarrak osasun-zentroetara joaten dira beharrezkoa ez denean, eta horrek lan-karga handitzen du, lehen mailako arretaren kaltetan», azpimarratu dute.

Era berean, Udala ere kexu da gutunean, Eusko Jaurlaritzak dekretu berrian ezarritako neurriak udaletan betearazteko erantzukizun osoa deskargatzen duelako eta, hala ere, «ez dielako inolako baliabiderik edo laguntzarik eskaintzen». Izan ere, abenduaren 14ko 47/2021 lehendakariaren dekretuak covid ziurtagiria leku gehiagotan eskatzea agintzen du. «Leku horietako asko udalen eraikinak eta zerbitzuak dira eta, ondorioz, udalen bizkar uzten du Eusko Jaurlaritzak neurri berri gehienak betearazteko ardura. Hala ere, neurri horiek betetzeak udal zerbitzuei ekartzen dion lan-kargari aurre egin ahal izateko inolako baliabide eta laguntzarik ez die eskaintzen».

Gutunean jakinarazi dutenez, Hernaniko Udala egoeraren larritasunaz «jabetzen» da, baina Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriekin ere «arduratuta» dago. «Izan ere, ezin zaio pandemiari soilik neurri murriztaileekin aurre egin. Udalaren iritziz, osasun arreta indartzea neurri eraginkorragoa da eta horretan jarri behar dira indarrak».

 

Bi proposamen, Sagarduiri

Guztiagatik, Udalak bi proposamen egin dizkio osasun sailburuari. «Lehenik, aztarnari gehiago jar ditzala. Batetik, kutsaduren trazabilitatea ahal bezain arinen egin eta eteteko. Izan ere, egunak pasatzen dira kutsatuek edo hauen kontaktuek aztarnariren baten deia jasotzen dutenetik. Eta, bestetik, osasun zentroei lan-karga arindu eta herritarrekin harremana erraztu ahal izateko ere baliogarria izango litzateke. Bigarrenik, Kutsadura kontrolatzeko herritarrek test azkarrak astean behin dohainik egiteko aukera ezartzea eta, horrekin batera, laborategiko zerbitzuak indartu daitezela, frogen emaitzak ahalik eta azkarren eskuratzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!