Bertsolataren jaialdi nagusia igande arratsaldean izango da, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 24a, 00:00

Eñaut Agirre bertsotan Garinen, atzoko bertso-saioan.

18:30etan emango diote hasiera, eta punta-puntako bertsolariak igoko dira oholtza gainera.

Abenduaren hasieran eman zioten hasiera aurtengo Bertsolatari, eta ordutik, Paulo Txikiya Bertso Eskolak antolatuta, ekintza mordoa egin dituzte hilabete honetan. Lehenik, bertso afaria izan zen Errioguardan; gero, Alpistegia antzerkiarekin, Umeen Eguna ospatu zuten Biterin; eta, atzo, urteroko bertso saioa izan zen Garinen Unai Agirrerekin, Ekain Tolaretxipirekin eta Andoni Rekondorekin.

 

Errondak eta bertso jaialdia

Erritmo horri eutsiz, punta-puntako ekintzak antolatu dituzte datozen egunetarako. Gaurkoan, Iparragirre sagardotegitik abiatuta, Olentzeroren erronda egingo dute arratsaldeko 16:00etan.

Igandean,  berriz,    egitarauko egun potoloenetarikoa izango da Biterin: jaialdi nagusia. Arratsaldeko 18:30etan hasita, oholtza gainera igoko dira Amets Arzallus, Eli Pagola, Iker Zubeldia eta Amaia Iturriotz. Gai-jartzaile lanetan, aldiz, Agin Laburu izango da. Bertaratu nahi dutenek sarrera erosi beharko dute aldez aurretik. Eskuragarri izango dira igandean bertan, 7 euroan, Biteriko leihatilan.

Azkenik, urtea borobil amaitzeko, Urte Zahar Egunean, hilaren 31n, Gabonetako erronda egingo dute kaxkoan barrena. Giroa alaitzeko asmotan, Hernaniko Paulo Txikiya Bertso Eskolako eta Ohitura Zaharrak taldeko kideak ariko dira bertsotan. Ekintza horrekin emango diote bukaera, hain justu, aurtengo Bertsolatari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!