«Euskal kantak, festa girokoak, dantzatzekoak, abestekoak.... denetarik izango dugu biharkoan»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 24a, 00:00

Züttik Elektrotxarangako kideak entseguetako batean, Milagrosan.

Gabon Gaueko biharamuna berezia izango da hernaniarrentzat. Izan ere, Züttik Elektrotxarangak kaleak hartuko ditu urtebete luzeko geldialdiaren ondoren. 20:00etan hasiko dute ikuskizuna, Garin taberna parean.

Bueltan da, berriro ere, bailaran hain ezaguna den Züttik Elektrotxaranga. Osasun egoera medio, geldialdi luzea izan dute eta, horregatik, ezin izan dute kontzerturik eskaini. «Baina, bihar, azken orduko aldaketarik ez bada, ilusio haundiz arituko gara Hernaniko kaleetatik barrena», aipatu du Ander Zubillaga taldeko kideak.

Hain justu, bihar dute hitzordua, Eguberri Egunean. Arratsaldeko 20:00etan ekingo diote ikuskizunari, Garin taberna parean, eta 22:30ak arte arituko dira, gutxi gorabehera, kaxkoan barrena: «Goiz Argi, Aralar, Txili, Atxur, Haida, Ekos… bisitatuko ditugu eta, azkenik, Zintzarrin bukatuko dugu ibilbidea», kontatu dute.

«Sekulako» ilusioa dutela diote. Gainera, aurten, hainbat berrikuntza dituzte taldean.  «Fitxaketa berria dugu: Markel, Astigarragako tronpetista».

Hori ez ezik, bestelako nobedadeak ere badituzte labetik ateratzeko prest: «merchandisinga, abesti berriak, eta beste asko». Gainera, izandako atsedenaldiaren ostean, beste zenbait musika-estilo ere txertatu dituztela azaldu dute: «parranda girokoak, euskal kantak, abestekoak, dantzatzekoak… denetarik dugu adin guztietako herritarrentzat eta eskaintza zabala aurkeztera gatoz».

«Gogor» entsaiatu dutela aitortu du Anderrek. «Baina, zalantzarik gabe, oso pozgarria izan da eta merezi izan du, saio guztietan giro paregabea izan dugulako. Bueltan gaude, zutik, guztia emateko prest!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!