Urbieta kalea oinezko gune gisa egokitzeko proiektua otsailean zehar amaituko da

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 22a, 00:00

Xabier Lertxundi eta Mattin Aldaia, aurkezpenean.

Interbentzio gune nagusia Urbieta kalea izango da, Izpizua kaletik Elkano kalerainoko zatia.

Urbieta kalea oinezko gune gisa egokitzeko proiektua martxan da dagoeneko, herritarrek azken egunetan ikusi dezaketen bezala, eta atzo Xabier Lertxundi alkateak eta Mattin Aldaia Ingurumen alorreko zinegotzi delegatuak aurkeztu zuten ofizialki.

Interbentzio gune nagusia Urbieta kalea da, Izpizua kaletik Elkano kalerainoko zatia hain justu. Horretaz gain, Biteri eta Elkano kaleetan ere eragina izango du. Urbieta kalearen zati hau oinezkoentzako egokitzeko egin behar den berrantolaketak inguruko kaleetako ibilgailuen mugikortasunean du eragina, esaterako, aldi baterako aparkalekua, zamalanetako guneak eta taxien geraleku berria.

Lanek 2022ko otsailera arte iraungo dute eta aurrekontua 154.069,09 eurokoa da. Xabier Lertxundik azaldu zuenez, «2019an, Urbieta kalearen berrantolaketaren proiektua garatzeko parte-hartze prozesu bat egin zen eskuhartze honen eragina jasoko zuten eragile nagusiekin. Hala, bertako bizilagun eta merkatariekin, taxi gidariekin, baita herriko jaietan espazio hau programatzen duten kultur taldeekin ere»

 

«Interbentzio arina da eta ez da egiturazko aldaketa haundirik egingo»

Nabarmentzekoa da egiten ari den interbentzioa «arina» dela, hau da, obra honetan ez da egiturazko aldaketa haundirik egingo eta, hortaz, hala erabakitzen bada, etorkizunean egokitzapenak egiteko erraza da.

Urbieta kalea herriko erdigunean kokatzen da. Ardatz garrantzitsua da herriko egituraren antolamenduari dagokionez, herriko bizitzaren erdigune den hirigune historikoa eta garraio publikoko gune intermodala eta ekipamendu gune den Atsegindegi eremua lotzen baititu.

Atsegindegin daude, besteak beste, bi autobus zerbitzuren geltoki nagusiak, taxi geralekua, plaza estalia, kiroldegia eta anbulategia. Beste aldean, Kaxkoan, herriko merkataritza-gune eta herritarren elkargune nagusi diren plaza eta kaleak. Urbieta kaleak, ondorioz, izaera egituratzailea hartzen du eta, horregatik, sortu nahi da herritarren aisialdi, harreman eta elkarbizitzarako eremu bat.

 

Altzariak eta mahaiak egonaldiak egiteko Biteri eta Elkano kaleen arteko zatian

Eremuen diseinua egiteko garaian, eguzki eta itzalen ordutegiak, aire korronteak, ibilbide naturalak eta kalean antolatuko diren kultur ekitaldiak aintzat hartu dira.

Lau eremu bereizi dira. A eremua (Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia): egonaldira eta elkartzera bideratutako eremua da eta, horregatik, altzariak eta mahaiak elkarri begira egoteko moduan sortuko dira eta kiosko eremuan irakurtzeko mahaiak kokatuko dira. Gainera, zati honetan, Biteritik datozen ibilgailuei irteera utzi behar zaienez, muga bat eratuko da altzariekin beraiekin, egoteko gunea babestuko duena.

 

Izpizua eta Biteri artean eremu zabalagoa kultur jarduera eta azokak antolatzeko

B eremua (Izpizua eta Biteri artekoa): espazio zabal librea duen eremua izango da. Altzariak zuhaitz tarteetan kokatuko dira espazio zabalago bat sortzeko. Izan ere, bertan antolatzen dira kultur ekitaldiak (oholtza behar duten kontzertuak, plaza dantzak, azokak,…) eta beharrezkoa da eremu zabala bermatzea.

D eremua (Urbieta kalea Kaxkoarekin lotzen den eremua): oinezko eremuko espazio publiko berria egituratuko da eta lurreko margoketak eta kale-altzariak hedatuko dira Kaxkoruntz, espazio publikoaren jarraitasuna emateko asmoz. Gainera, altzariak ere ipiniko dira, ibilgailu motordunei ibilbidea apur bat aldarazi eta abiadura motel dezaten.

E eremua (Urbieta kalea Atsegindegirekin lotzen dena): kaleen bidegurutzea da eta ibilgailuen trafikoa konplejua du. Hori dela eta, erabat oinezko izaera baino oinezkoek lehentasuna duen espazioa izatea bilakatuko da.

 

Ibilgailuen igarotzea eta sarbidea mugatuko da

Eremua oinezko bihurtzearen baitan, ibilgailuen igaroa ahal den gehien mugatuko da eta pasa daitezkeen guneetan abiadura ahalik eta mantxoena izango da (10 km orduko).

Izpizua eta Biteri kale arteko zatia, erabat oinezkoa. Biteri eta Elkano artekoa ere oinezkoa izango den arren, Biteri kaleko aparkalekuetatik irtengo diren ibiligailuak pasa ahalko dira.

Kaleak bere osotasunean ibilgailuz zeharkatzeko modua izango du (garbiketa kamioiak, larrialdi zerbitzuak,...), nahiz eta sarrera mugatua izango den.

Sarbidearen kontrolerako ken daiteken pibote bat ipiniko da Izpizuatik Urbietarako sarreran. Bizilagunek autoz bertara sartzeko aukera izango dute, udaletxean baimena eskatuta bakarrik.

Zamalanetan dabiltzan ibilgailu baimenduek Urbietara sartzeko aukera izango dute Biteri kaletik. Zamalanak A eremuan (Biteri eta Elkano kaleen arteko zatia) eremu markatua izango dute. Bost aparkaleku jarriko dira bertako merkataritza jarduetarako zamalanak egin ahal izateko.

Egunez zamalanetarako gordetako aparkalekuak bizilagunentzako aparkalekuak izango dira gauez.

Merkataritza jardueretatik eskura dagoen inguruan (Biteri kaleko beheren dagoen eremuan) aldi baterako errotaziozko aparkalekuak (15’) jarriko dira.

 

Taxien parada mugituko da

Urbietatik Elkano kalera mugituko da taxien parada, autobus geltokiaren parean, beste espaloiaren aldera. 10 taxientzako lekua egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!