Trikoloreek 14-26 galdu zuten Belenosen aurka, miniestadioan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 20a, 00:00

Trikoloreak, Belenosen aurkako norgehiagokan. Argazkia: Hernani Rugby

Liderra izan zuten aurrez aurre, eta emaitzak zaildu egingo die igoera faserako pasea lortzea.

Partidu erabakigarria izan zuten larunbatean trikoloreek, Ohorezko B mailan, ligako liderraren aurka. Landareko zelaia jokatzeko moduan ez dagoenez, Anoetako miniestadioan jokatu zuten hernaniarrek Belenosen kontrako norgehiagoka. Igoeraren lehian jarraitzeko, Hernanik beharrezkoa zuen garaipena lortzea. Nolanahi ere, topaketa zaila izan zen eta, azkenean, 14-26 itxi zen markagailua. Emaitza horrek, beraz, dexente zailduko die hurrengo fasera sailkatzea.

Asturiasekoek indartsu ekin zioten partiduari, eta 17garren minutuan lortu zuten lehenengo entsegua. Hernanik, berriz, aurrera egitea lortu ezinik, lehenengo zatian ez zuen punturik batu eta atsedenaldira 0-19koarekin iritsi ziren.

Bigarren erdian, indarberrituta, trikoloreek berehala batu zituzten puntuak. Hala ere, egindako esfortzua ez zen nahikoa izan eta, azkenean, 14-26 galdu zuten hernaniarrek Belenos talde indartsuaren aurka.

 

Itxaropena bizirik, igoera fasea jokatzeko

Larunbateko emaitzarekin, zaila izango dute hernaniarrek igoera faserako pasea lortzea. Izan ere, sailkapen orokorretik soilik hiru taldek jokatuko dute hurrengo fasea eta, une honetan, Hernani laugarren postuan dago bost garaipenekin eta hiru porrotekin. Getxo, aldiz, hirugarren, sei garaipen eta bi porrotekin; beraz, badirudi bizkaitarrek lortuko dutela igoera fasea jokatzea.

Hala ere, hernaniarrek sailkatzeko aukera dute oraindik, eta horren alde borrokatuko dute hurrengo jardunaldian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!