Nerea Ibarzabal Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapeldun, Bilbao Arenan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 20a, 00:00

Ibarzabal, pozez gainezka, txapela janzten. Argazkia: Marisol Ramirez / FOKU

Markina-Xemeingoak hasiera-hasieratik sorgindu zuen Miribillako epaimahaia eta ia 4.000 pertsonako publikoa. Jone Uriarekin buruz burukoa jokatu ostean, lehenbizikoz, txapela janztea lortu zuen Ibarzabalek.

2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jokatu zen larunbat arratsaldean, Miribillan. Jendez lepo zegoen aretoa, ia 4.000 lagun elkartu baitziren zortzi bertsolarien lana entzutera. Final bizia izan zen, eta, azkenean, Hernanin bizi den Nerea Ibarzabal Saralegik jantzi zuen txapela.

Egun bat lehenago Kronikari aipatu zion udazkeneko bertso­-txa­pelketan «emakumeen ahotsa entzun» dela eta nabaritu dela emakumeak «bertan daudela». Bada, horixe bera baieztatzera igo zen Ibarzabal Bilbao Arenako oholtza gainera. Hasiera-hasieratik, publikoa poltsikoratu eta sorgindu zuen Ibarzabalek. Harry Potterretik hartutako doinu bat aukeratu zuen hasierako agurra egiteko, eta berehala piztu zuen entzuleen arreta.

Ondorengo ariketetan ere bikain aritu zen Markinakoa, eta txapelketan erabat murgilduta, saioak aurrera egin ahala, argi nabarmendu zen. Jone Uria Albizurirekin jokatu zuen buruz burukoa, eta finalaren azken txanpan, publikoa adi-adi mantentzea lortu zuten biek. Zortziko txikian eta seiko motzean aritu ziren, eta epaimahaiaren erabakiz, Nerea Ibarzabal izan zen Bizkaiko 2021eko Bertsolari Txapelketako irabazlea.

Moises Enbeitak eta Joseba Etxebarriak jantzi zioten txapela, eta malko artean, indartsu altxa zuen makila, publikoari begira. Jone Uriak lagunaren lana txalotu zuen, bera ere malko artean zegoela. Eta gainerako bertsolariek ere emozio haundiz  txalotu eta entzun zuten txapeldunaren agurra: «Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke ohoratu / egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu / muga, kartzela, harresi, ibai galerak zelan kontatu / merkantzientzat bideak libre, ta pertsonak zokoratu / baina itzarrik eusten gaituzten, ideia hoiei oratu / hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu». Bertaratutakoek txalo zaparrada artean agurtu zuten Ibarzabal, eta txapeldunak, trukean, muxua bota zien airera entzule guztiei.

Lau bat orduz aritu ziren bertsotan zortzi bertsolariak, eta honako hauxe izan zen bakoitzak lortutako puntuazioa: 874,5 punturekin, Nerea Ibarzabal Salegi; Jone Uria Albizuri (866); Etxahun Lekue Etxebarria (520,5); Xabat Galletebeitia Abaroa (507,5): Onintza Enbeita Maguregi (489,5); Aitor Bizkarra Ruiz (486); Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola (484); eta, zortzigarren postuan, Gorka Pagonabarraga Agorria (464).

 

Besarkada estua eman zioten elkarri Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak eta Nerea Ibarzabalek.

Bailarako herritarren babesa

Bizkaian ez ezik, Urumea bailaran ere gertu-gertutik jarraitu zen finala, kuttuna baita Ibarzabal Hernanin. Twitterrean mezu mordoa jaso ditu Markinakoak, eta horietako bat izan da Katta­lin Minerrena. Honako hauxe idatzi zuen hernaniarrak bere kontuan: N E R E A I B A R Z A B A L.

Horrekin batera, euskal kulturgintzan aski ezagunak diren beste hainbatek ere zoriondu zuten Ibarzabal sare sozialen bidez. Eneko Sagardoyk, esaterako, hauxe txiokatu zuen Nereak hasierako agurrean egindako magiari keinua eginez: zelako poza eta hunkidura atzo hau bertatik bertara bizitzean. Zorionak, @ibarnere! Hain merezita! Eta zorionak beste zazpiei! Denak ere pixkat Hogwartsekoak zarete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!