Nerea Ibarzabal txapeldun, Bilbao Arenan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 19a, 08:56

Nerea Ibarzabal, pozez gainezka, txapela janzten. Argazkia: Marisol Ramirez / FOKU

Nerea Ibarzabal Saralegik irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Fin-fin aritu zen markina-xemeindarra, eta Jone Uriarekin buruz burukoa jokatu ostean, lehenbizikoz, txapela janztea lortu zuen Ibarzabalek Miribillako Bilbao Arenan. 

2021eko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa jokatu zen atzo arratsaldean, Miribillan. Jendez lepo zegoen aretoa, eserleku guztiak bete baitziren zortzi protagonistak entzuteko. Final bizia izan zen, eta, azkenean, Hernanin bizi den Nerea Ibarzabal Saralegik jantzi zuen txapela. 

Egun bat lehenago Kronikari aipatu zion udazkeneko bertso txapelketan «emakumeen ahotsa entzun» dela eta nabaritu dela emakumeak «bertan daudela». Bada, horixe bera baieztatzera igo zen Ibarzabal Bilbao Arenako oholtza gainera. Hasiera-hasieratik, publikoa poltsikoratu zuen Ibarzabalek. Harry Potterretik hartutako doinu bat aukeratu zuen hasierako agurra egiteko, eta berehala piztu zuen entzuleen arreta. 

Ondorengo ariketetan ere bikain aritu zen Markinakoa, eta txapelketan erabat murgilduta, saioak aurrera egin ahala, argi nabarmendu zen. Jone Uria Albizurirekin jokatu zuen buruz burukoa, eta finalaren azken txanpan, publikoa adi-adi mantentzea lortu zuten biek. Zortziko txikian eta seiko motzean aritu ziren, eta epaimahaiaren erabakiz, Nerea Ibarzabalen izan zen Bizkaiko 2021eko Bertso Txapelketa Nagusiko irabazlea. 

Moises Enbeita eta Joseba Etxebarriak jantzi zioten txapela, eta malko artean, indartsu altxa zuen makila, publikoari begira. Hauxe izan zen bere azken agurra: «Gure etxeko andre guztiak nahi nituzke ohoratu / egoerarik gogorrenetan ez direnak hondoratu / bizikideei, bertsokideei bihotzetik bost olatu / badago nondik jasoa eta badago zer geroratu / muga, kartzela, harresi, ibai galerak zelan kontatu / merkantzientzat bideak libre, ta pertsonak zokoratu / baina itzarrik eusten gaituzten, ideia hoiei oratu / hormak higatu daitezkeelako ta arrakalak loratu».

Bizkaian ez ezik, Urumea bailaran gertu-gertutik jarraitu zen finala, kuttuna baita Ibarzabal Hernanin ere. Twitterrean mezu mordoa jaso ditu Markinakoak, eta horietako bat izan da Kattalin Minerrena. Hauxe idatzi zuen hernaniarrak bere kontuan: N E R E A I B A R Z A B A L

Lau bat orduz aritu ziren bertsotan zortzi bertsolariak, eta hauxe izan zen bakoitzak lortutako puntuazioa: 874,5 punturekin, Nerea Ibarzabal Salegi; Jone Uria Albizuri (866); Etxahun Lekue Etxebarria (520,5); Xabat Galletebeitia Abaroa (507,5): Onintza Enbeita Maguregi (489,5); Aitor Bizkarra Ruiz (486); Aitor Etxebarriazagarraga Gabiola (484); eta Gorka Pagonabarraga Agorria (464).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!