«Noiz arte jarraituko du Floridako tunelak urez gainezka?»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 19a, 00:00

Floridako tunela, urez gainezka, joan den asteetako uholdeetan.

Alderdi jeltzaleak egoera salatu eta adierazi du bere proposamenak arazoa konponduko lukeela. 

Azken asteotako euriteek herriko hainbat txoko ur azpian utzi zituzten. Horietako bat izan zen Floridako tunela, urak berehala egin baitzuen gainezka eta, ondorioz,  pasabidea erabat itxita gelditu zen oinezkoentzat eta autoentzat. Horren harira, EAJ-PNVk salatu du egoerari konponbidea eman behar zaiola, eta, horrekin batera, ziurtatu du alderdi jeltzaleak egindako proposamenak arazoa konponduko lukeela.

 

Proposamena aztertzeko eskaera egin du EAJ-PNVk

«Euri asko egiten duen guztietan betetzen da urez Floridako tunela», adierazi dute. «Ez du ura biltzeko sistema egokia, eta horregatik gelditzen da ur azpian». Horrekin batera, Andoni Amonarraiz EAJ-PNVren bozeramaileak hauxe zehaztu du: «gure proposamena aurrera eramango balitz, uholde horiek ez lirateke gertatuko. Euri-uraren kanalizazioak egokiak izango lirateke eta, gainera, laguntza-ponpak jartzeak arazoak konponduko luke».

Amaitzeko, aipatutako guztiagatik, Amonarraizek kexa  adierazi du eta egoerari konponbidea emateko eskatu du:  «ez dakigu Floridatik trafikoa eta pertsonak irteteko dugun proposamena aztertzeko eragozpena zein den. Zergatik ez da egiten? Guk galdezka jarraituko dugu, eta bitartean, ur guztia iragazi arte, ezin izango da tunela erabili».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!