Hernaniarrek urrezko 6 domina eta zilarrezko 4 lortu zituzten Arrasateko Akordeoi Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 19a, 00:00

Hernaniko Musika Eskolako akordeoi ikasleak, urrezko eta zilarrezko dominekin.

Arrasateko Akordeoi Txapelketa ezaguna izan zen joan den asteburuan, eta maila altua erakutsi zuten hernaniarrek. Lortutakoagatik eta emandako erakustaldiagatik, Musika Eskolako kideek parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte.

Joan den asteburua berezia izan zen Hernaniko Musika Eskolako ikasleentzat. Izan ere, zita garrantzitsua izan zuten Arrasateko Akordeoi Lehiaketan. Orain arte ikasitakoa erakusteko eta gainerako kideekin egunaz gozatzeko aukera izan zuten hernaniarrek, eta egun borobila izan zen, denera, urrezko 6 domina eta zilarrezko 4 eskuratu baitzituzten.

 

9 saritu, txapelketan

Hainbat kategoriatan banatu ziren hernaniarrak, eta denetan lortu zuten aitortza. 10 urte artekoetan, A hastapenean, urrezko domina lortu zuten Eneka Navarrok eta Mariona Sanchezek. 12 urte artekoetan, aldiz, B hastapenean, Uxue Duranek urrea lortu zuen eta Erika Bazek eta Maddi Olaizolak zilarrezko domina eraman zuten etxera.

12 urte artekoetan, baita ere, baina oraingo honetan B mailan, Musika Eskolako hiru ikaslek irabazi zuten urrea: Oliver Cabrerak, Ainhoa Garinek eta Eñaut Zabalegik. Eta, azkenik, 15 urtera arteko kategorian, Maria eta Oliver Cabrerak zilarra jaso zuten.

Fin-fin aritu ziren hernaniarrak, eta Musika Eskolako arduradunek ikasleak zoriondu dituzte txapelketan egindako erakustaldiagatik eta orain arte erakutsitako gogoagatik eta konpromisoagatik.

Horrekin batera, aipatu dute Arrasateko Akordeoi Txapelketa «funtsezkoa» dela musika eskola guztietako akordeoi ikasleentzat. «Derrigorrezko data bihurtu da musika ikastaro egutegian», aipatu dute. Gainera, diotenez, pedagogikoki ere «erabilgarritasun haundiko» jaialdia da. «Akordeoi ikasleen eraginari eta motibazioari begira, lehiaketa hau ezin  izango genuke ordeztu horrelako ezaugarriak dituen beste edozein lehiaketarekin, ez Euskal Herrian ez estatu mailan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!