Covid zirutagiria ez duten herritarrek, ikastaroetan baja emateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Kultur ikuskizunei dagokienez, «sarrerak erosita dituzten herritarrei dirua itzuliko zaie, hala eskatuz gero», jakinarazi du Hernaniko Udalak. 

Udal kiroldegia Covid ziurtagiria eskatzen hasi da, duela gutxi onartu zen dekretuak hala agintzen baitu. Zerbitzuaren baldintzak modu garrantzitsu batean aldatu direla dio Udalak, eta hortaz, ziurtagiria ez duten erabiltzaileei hainbat irtenbide eskainiko zaizkie. 

Abonua dutenei, dekretua indarrean dagoen bitartean abonuaren balio-data etengo zaie, «hala eskatzen badute». Eta dekretuaren neurri hori (ziurtagiria exijitzea) bertan behera gelditzen denean, etenaldi denbora berean luzatuko zaie abonuaren balio-data.

Ikastaroen erabiltzaileek, be­rriz, «ikastaroan baja emateko aukera izango dute, eta ordaindutakoaren zati proportzionala itzuliko zaie. Multzo honetan, Biterin eskaintzen diren ikastaro batzuk ere sartzen dira, jarduera fisikoarekin lotura dutenak, hain zuzen ere».

Kultur ikuskizunei dagokienez, sarrerak erosita dituzten herritarrei dirua itzuliko zaie, hala eskatuz gero. 

Azkenik, Udalak azaldu du, kasu guztietan, herritarrak berak eskaera egin beharko duela dagokion lekuan: «neurri hauek baliogarriak dira dekretua indarrean sartu aurretik erositako sarrerekin, egindako abonuekin eta izena emandako ikastaroekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!