Anoetako miniestadioan jokatuko du Hernanik igoeraren lehian jarraitzea, Pasek Belenosen kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 00:00

Hernani eta Pasek Belenos, aurreko denboraldiko partiduan, Landaren.

Partidu erabakigarria daukate trikoloreek, gaur arratsaldeko 16:00etan hasita; eta Landareko zelaia jokatzeko moduan ez dagoenez, Anoetan ariko dira. Ligako liderra izango dute aurrean, eta garaipena behar dute hernaniarrek.

Ia hil ala biziko partidua dauka Hernanik gaur, Ohorezko B Mailako aurreneko fasean, igoeraren lehian jarraitzeko. Pasek Belenos liderra izango du aurrean, eta garaipena behar du talde trikoloreak. Eta partidu erabakigarria ezingo dute Landaren jokatu, uholdeen eragina nabarmena baita oraindik ere. Anoetako miniestadioan ariko dira hernaniarrak, gaur arratsaldeko 16:00etatik aurrera.


Landaretik kanpo bada ere, irabazi beharra daukate trikoloreek. Izan ere, porrotak asko zailduko lieke hurrengo fasera sailkatzea. Jokatzeko lau parti­du falta direnean, laugarren da­go Hernani (25 punturekin), eta aurreko hiruetako batek huts egitea behar du: Pasek Belenosek (34 puntu), Independientek (33 puntu) edo Getxok (30 puntu). Bide horretan, alde izango du gaur jokatuko den beste partidu bat: elkarren kontra ariko dira Getxo eta Independiente, arratsaldeko 17:00etan Faduran.


Hernanik gaur irabaziz gero, gertuago izango luke Pasek Belenos, eta baliteke Getxoren pare jartzea ere, bizkaitarrek Independienteren kontra galduko ba­lute. Gaurkoaren ondoren, lau talde horien arteko partidu bakarra izango da: Independientek eta Pasek Belenosek Santanderren jokatuko dutena, hurrengo jardunaldian, urtarrilaren 9an.


Baina kontu horiek guztiek balioa izan dezaten, gaurkoa ira­bazi beharra daukate trikoloreek, Anoetako miniestadioan; eta horretarako, Landareko za­le­­en laguntza beharko dute Do­­nostian, taldeari ahalik eta bul­­tzada haundiena emateko. 
Par­tidua zuzenean ere eskainiko du Hernani Rugby Elkarte­ak, bere YouTubeko kanalean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!