Ipuin kontakizunak, tailerrak, jolasak, kantu saioak, irteerak... Negulekuetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 00:00

Arrakasta haundia izan zuen joan den urteko buruarinen tailerrak.

Azken egunak dira Doberak antolatutako Negulekuetan izena emateko. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra bitartean egingo dira, 3 eta 12 urte bitarteko haurrekin. Bi talde osatuko dira: bata Hernanin eta bestea Ereñotzun. 

Gabonak ate joka ditugun honetan, Doberak urtero antolatzen dituen Negulekuen berri eman du. Abenduaren 23tik urtarrilaren 7ra bitartean izango dira, astelehenetik ostiralera, goizeko 09:00etatik 13:30etara bitartean, eta azken egunak dira hauek izena emateko. Beraz, interesa dutenek, aste honetan egin beharko dute inskripzioa. Horretarako edo informazio eskatzeko, kontsultatu dobera.eus webgunea, idatzi dobera@dobera.eus helbidera, edo, bestela, deitu 662 406 692 telefono zenbakira.

Neguko oporrez euskeraz gozatzeko ekimena da, eta egitarau zabala prestatu dute Doberakoek: ipuin kontakizunak, tailerrak, jolasak, kantu saioak, irteera txikiak...

Bi talde egingo dituzte
Plazak mugatuak dira eta bi talde egingo dituzte: bata Hernanin eta bestea, berriz, Ereñotzun. Gainera, aste bakarrerako edota egun guztietarako eman daiteke izena. Txanda bakarreko aukera hautatuz gero, Doberako bazkideek 50 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek, aldiz, 60 euro. Egun guztietarako aukera nahiago dutenen kasuan, bazkideentzat prezioa 90 eurokoa izango da eta gainerakoentzat, 110 eurokoa. 
Aurrekoarekin batera, jakinarazi dute dirua ez dela arazoa izango Negulekuetan parte hartzeko. Izan ere, Zerbitzu Sozialak arazo ekonomikoak dituzten haurren familiei laguntzeko prest daude. Hori bai, hitzordua hartzea beharrezkoa izango da laguntza hori eskatzeko. 

Jarduera gehiago, datozen egunetan
Aipatutakoaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu ditu Doberak. Abenduaren 26an eta urtarrilaren 2an, Udaleko Gazteria Sailarekin batera, Hi selfie! jolasa izango da herrian barrena. Hilaren 28an, eskulanen tailerra egingo dute Atsegindegin. Abenduaren 30ean, gorputza mugitzeko aukera izango dute herritarrek Atsegindegin antolatutako euskal zumba saioarekin. Amaitzeko, urtarrilaren 4an buruarinen tailerra izango da eta urtarrilaren 7an, egitaraua ezin hobe amaitzeko, talde jolasak egingo dituzte Atsegindegin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!