Oparien erruleta jira-biran, larunbat honetan ere

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 15a, 00:00

150 opari banatuko dituzte, 10:00etatik 13:00etara,  aste honetan herriko dendetan erosketak egin dituzten herritarrentzat.

Udalak, «merkataritza sustatzeko helburuz», Berriak elkartearekin elkarlanean, oparien erruleta ekimena jarri du martxan. Joan den larunbatean izan zen lehenengo saioa, eta arrakasta haundia izan zuen, herritar mordoa bertaratu baitzen tirada egitera. Makina bat sari banatu zituzten, eta barre-algarak ere egin zituzten, dibertigarria izan zelako erruleta jira-biran ikustea.

Sari gabe gelditu zirenek, larunbatean, hilaren 18an, dute opariak eskuratzeko bigarren aukera. Betiko moduan, udaletxeko arkupeetan izango da, 10:00etatik 13:00etata bitartean. Nolanahi ere, opariak agortu arte egongo dira bertan; beraz, sariak lehenago bukatzen badira, erruletak jira eta bira egiteari utziko dio.

Guztira, 15.000 euro bideratuko dira egitasmo honetara. Banatuko diren sariak herriko dendetan erositakoak dira; zehazki, Hernanin erakusleiho digitalean edota banaketa zerbitzuan parte hartzen duten saltokietakoak.

 

Parte hartzeko baldintzak

Tiraldia egiteko, aste honetan  (astelehenetik larunbatera bitartean) Hernaniko dendetan erositako erosketa-txartelak erakutsi beharko dira, eta, gutxienez, 80 euroko gastua osatu beharko dute erruletan parte hartzeko. Kopuru hori hainbat txartelekin osatu daiteke; hortaz, ez da nahitaezkoa denda batean 80 euro gastatu behar izatea. Hori bai, kontuan hartu pertsona bakoitzak tiraldi bakarra egin ahal izango duela. 

Bestalde, erruletaren ekimenean  parte hartuko duten saltokiak hauexek dira: Hernanin erakusleihoan edo banaketa zerbitzuan izena eman dutenak; dendak (tabernak, jatetxeak, loteria edo tabako dendak, museoak... izan ezik); denda fisikoa dutenak; gorputzaren zainketarekin lotura dutenak; artikulu berriak saltzen dituztenak (bigarren eskuko dendak ez).

Udalak herritarrak parte hartzera animatu ditu, giro ederra izango dela ziurtatuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!