Santo Tomas eguna ostiralean eta larunbatean, herriko hainbat txokotan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 15a, 00:00

Kirol Elkarteko eskubaloi sailak 2019an jarritako postua, Plaza Berrin.

Gabriel Zelaian puzgarriak eta txistorra zein edari postuak jarriko dituzte ostiralean. Larunbatean, Harresi taberna parean, eskubaloi sailak eskainiko du txistorra jateko aukera. Asteartean, Gaztelekukoen txanda izango da.

Santo Tomas eguna abenduaren 21a bada ere, Hernanin ostiralean eta larunbatean ere izango dira ospakizunak. Hain justu, herriko hainbat txokotan eta auzotan jarriko dituzte postuak, eta giro paregabea izango dela ziurtatu dute antolakuntzako elkarteek eta taldeek.

 

Postuak eta beste asko, Plaza Berrin eta Gabriel Zelaian

Zelabide Auzo Elkarteak ostiralerako antolatu du plangintza. Puzgarriak izango dira haurrentzat 17:30etatik 19:30ak arte, eta, horrez gain, txistorra eta edariak ere izango dira 18:00etatik 21:00ak arte. 

Hernaniko Kirol Elkarteko eskubaloi sailak Plaza Berri ondoan, Harresi tabernaren parean, jarriko du postua larunbatean, 11:30etatik aurrera. Ondoren, 13:30etan, saski baten zozketa egingo dute.

Bestalde, zenbait taldek eta elkartek postuak jartzeko hautua egin duten arren, Goiz Eguzki Elkarteak egun berezi hau atzeratzea erabaki du. Izan ere, diote, «egungo osasun egoera medio, elkarte barruan pertsona asko bilduta egotea ezinezkoa da». Azaldu dutenez, txistor jatea beste egun batean egingo dute, «pandemiaren datuak hobetzean».

Gaztelekuan, berriz, asteartean dute txistorra dastatzeko hitzordua. Abenduaren 21ean egingo dute, hain zuzen, Santo Tomas eguneko ospakizuna. Gainera, beraiek izango dute sukaldatzeko aukera. Gaztelekuko gainerako ekintzen moduan, honakoa ere 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat prestatutakoa da.

 

OSTIRALA
17:30 Haurrentzat puzgarriak, Gabriel Zelaian (Zelabide Auzoa).

18:00 Txistor-jatea eta edarien postua, Gabriel Zelaian (Zelabide Auzoa).

LARUNBATA

11:30 Txistor-jatea eta edarien postua, Plaza Berri ondoan,
Harresi tabernaren parean.

13:30 Saskiaren zozketa, Plaza Berri ondoan, Harresi tabernaren parean.

ABENDUAK 21
17:30 Sukaldaritza eta txistor-jatea, Gaztelekuan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!