Hernaniko mutilek azken minututara arte borrokatu zuten garaipena, Independienteren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 00:00

Hernani, San Romanen. Argazkia: HCRE

23-12 galdu arren partidu serioa jokatu zuten hernaniarrek liderraren aurka Santanderren. 16 eta 12koan bere aukera izan zuen aurretik jartzeko eta partidua irabazteko.

Hernanik galdu egin zuen igandean, 23-12, Independienteren aurka San Romanen jokatutako partiduan. Ohorezko B mailako liderra da talde kantabriarra, baina Hernanik estu hartu zuen eta azken momentura arte irabazteko aukera izan zuen talde trikoloreak.
Bost minutu baino gutxiago geratzen zirenean lortu zuten etxekoek entsegu erabakiorra eta 16-12tik azkenengo 23-12ra pasa ziren. Minutu batzuk lehenago, Hernanik markagailua iraultzeko aukera izan zuen. Bost metrora alboko sakea izan zuten alde, baina baloia galdu zuten. Hor joan zitzaien aurretik jartzeko aukera.  

Partidua berdindua hasi zen  eta Hernanik hirugarren minutuan lehendabiziko entsegua lortu zuen, Jokin Olearen eskutik. Beñat Arizetak transformatu eta 0-7 aurreratu zen Hernani. Etxekoek azkar erreakzionatu zuten eta hurrengo jokaldian berdindu zuten partidua eguneko bigarren entseguarekin. 

Hurrengo bederatzi puntuak Independieteren alde iritsi ziren hiru zigor kolperekin eta atsedenaldira 16-7 joan ziren bi taldeak. Hori bai, Santi Muñozek orkatilla hautsi zuen jokaldi batean eta Santanderren bertan egin behar izan zioten ebakuntza. Bigarren zatia ildo beretik joan zen eta 54garren minutuan Oleak bere bigarren entsegua lortu zuen, markagailua 16-12 estutuz. Ondoren hernaniarrek izan zituzten erasoko aukerak, baina ez zituzten aprobetxatu. 

Neskek galdu egin dute Gasteizen eta 23 urtez azpikoek irabazi Ordizian
Landare ur azpian egonda, etxean jokatu behar zuten taldeek kanpora joan behar izan zuten. Jardunaldiko beste bi partiduetan Euskal Ligako neskek 10-7 galdu zuten Gasteizen, Gaztediren aurka. Partidu lehiatua izan zen. 23 urtez azpikoetan, Hernanik 50-5 garaitu zuen Gernika, Ordiziako Altamiran.
Hernaniarrek etxekoak bezala jokatu zuten Ordizian eta denboraldi ederra ari dira burutzen.

18 urtez azpikoak ere Donostian aritu ziren Bera Beraren aurka eta erraz, 0-83, gainditu zuten talde donostiarra. Hauek ere etxean jokatzekoak ziren. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!