Bihartik aurrera erosi daitezke Jon Plazaolak eskainiko duen 'Irabazi' komediako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 13a, 00:00

Sarrerak Doberan bertan eskuratu daitezke (Larramendi 11, behea) 12 eurotan eta Doberako bazkideek «prezio berezian» eskuratu ahal izango dituzte: 10 eurotan. 

Urteari amaiera emateko asmotan, Dobera Euskara Elkarteak, Jon Plazaolaren Irabazi komedia antolatu du abenduaren 30erako, Euskara Ari du ekimenaren barruan, hain justu.  Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera antzerkiari eta Biterin izango da. 

Sarrerak bihartik aurrera egongo dira salgai, Dobera Euskara Elkartean (Larramendi 11, behea). 12 euro balio du sarrera bakoitzak, baina Doberako bazkideek «prezio berezian» eskuratu ahal izango dituzte: 10 eurotan. Sarrerak erreserbatzeko, telefono hauetara ere deitu daiteke: 943 33 27 99 eta 689 675 462, edota helbide elektronikora idatzi: dobera@dobera.eus. 

Jon Plazaolak eskainiko duen Irabazi komedia, «ez da monologo huts bat» dio Doberak: «historia interesgarri bat du barruan, eszenografia oso polita, eta dibertigarria, primeran pasatzeko ezaugarri guztiak ditu». 

«Irabazten ba al dakigu?»
«Parte hartzea da garrantzitsuena.  Esaldi hori buruan sartu zigunak gezur galanta sinestarazi nahi izan zigun. Gaur egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da; ia edozertarako prest gaude ondoan dagoena zanpatu eta arratoi lasterketa honetan edonoren gainetik geratzeko gazta puxka mixerable baten truke. Irabaztea da helburua. Irabazi ala hil. Baina Felixek ez daki zer den hori. Bizitza guztian ez du ezer irabazi, ez da irabazle sentitu… erdibideko mediokre bat izan da beti. Baina ez atzera eta ez aurrera daraman bidegurutze horretan aurkitu du bere konfort-eremua, bere burua justifikatu eta bere existentzia patetikoari zentzua ematen dion dekalogoa eratu du. Bizitzaren lehiaketan, irabazi, batek bakarrik egin dezake. Mediokreak gehiengoa gara. Gurea da garaipena. Gaur gauean, ordea, Felixek sari bat jasoko du. Irabazi egingo du. Galtzen irakatsi digute, baina irabazten ba al dakigu? 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!