Migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko astea izango da datorrena, Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 12a, 00:00
Fatima Nciri, Itsaso Lekuona eta Irantzu Jauregi, ostiraleko aurkezpenean, Kulturarteko Plaza Feministan.

Ekintza ugari antolatu dituzte Amherrek eta Kulturartekotasun Sailak, bihar hasi eta larunbatera bitartean. Manifestazioa ere egingo dute, Bidasoa ibaiko migratzaileen heriotzak salatzeko.

Hainbat ekintza antolatu dituzte Amher SOS Arrazakeria elkarteak eta Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Sailak, datorren asterako, bi data seinalaturen bueltan: Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen ostiralekoa, eta Pertsona Etorkinen Nazioarteko Eguna, datorren larunbata. Hori horrela, migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko astea izango da datorrena, hainbat ekintzaren eskutik. Ostiralean aurkeztu zuten egitaraua, Kulturarteko Plaza Feministan, antolatzaileek.

«Data egokiak dira, herrian arlo horretan egiten den lana azaleratzeko, eta baita konpromisoak hartzeko ere, oraindik lan haundia dagoelako egiteko», adierazi zuen Itsaso Lekuona Kulturartekotasun zinego­tziak. Bide horretan, be­­rretsi zuen Udalaren konpromi­soa, «migratzeko eskubidea oinarri hartuta, herritar berriei ha­rrera egiteko ahalik eta baliabi­de duin eta osoenak eskaintzeko».

Baliabide horien artean, Iran­tzu Jauregi Kulturartekotasun teknikariak nabarmendu zuen Harrera Integralerako Bulegoa, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan egongo dena, «etorri berriei harrera patxadaz egin ahal izateko. Eta balioko digu, herriko argazkia osatu eta berritzeko». Otsailerako espero du­te martxan egotea bulegoa. Ho­rrekin batera, Amherrekin daukaten hitzarmena eta «urte askotako elkarlana» ere nabarmendu zuen. Eta goraipatu zuen, herrian espazio bat izatea «arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrakoa»; Kulturarteko Plaza Feminista, hain justu.

Amherreko Fatima Ncirik eman zituen, bihar bertan hasi­ko den egitarauaren xehetasunak. Hitzaldi batekin ekingo diote, eta migrazioei eta klima aldaketari buruz ariko da Miguel Pajares antropologoa, migrazioetan aditua. Amherreko ki­deak, bestalde, Hernaniko Ins­titutura joango dira bihar eta etzi, ikasleei azaltzera herriko etorkinen egoera zein den. Eta bihar bertan inauguratuko dute, Kulturarteko Plaza Feministan, Emakumea, migrantea eta bizilaguna erakusketa.

 

Zinkoeneatik Karabeleko zubira martxa, Bidasoa ibaiko heriotzak salatzeko

Eta asteazkenean izango di­tu bi hitzordu, egitarauak. Aurrena, Paseko txoriak dokumentala jarriko dute, Irunen Frantziara pasa ezinik geratzen diren migratzaileen zailtasunei eta bertako GKEen laguntza eta babesari buruzkoa. 18:00etan jarriko dute, Plaza Feministan. Eta horren on­doren, elkarretaratzea deitu dute, 19:45etan Zinkoeneatik abia­tuta, eta Karabeleko zubira joango dira, «Bidasoa ibaian gertatu diren migratzaileen heriotzak salatzeko».

Zentzu horretan, Lekuonak adi­erazi zuen «Europako mugak hilerri» bilakatu direla migratzaileentzat, «hemen ondoan, Irunen, ikusi dugun bezala».

Gertaera horiek salatzeko eta konponbidea bilatzea eskatze­ko antolatu dituzte ekintzak datorren astean, eta herritar guztiak animatu nahi izan dituzte, horietan parte hartzera.

EGITARAUA

Bihar, Hitzaldia: Migrazioak eta klima aldaketa, Miguel Pajares antropologo eta migrazioetan adituaren eskutik. 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan.

Bihar eta etzi, Amher SOS Arrazakeriaren hitzaldiak Hernaniko Institutuan, herriko etorkinen egoerari buruz.

Abenduak 13-18, 'Jostailu bat, sarrera bat!' ekimena, Landaren. Hernani Club Rugby Elkarteak antolatuta. Informazio gehiago: hernanirugby.eus.

Bihartik aurrera, Erakusketa: Emakumea, migrantea eta bizilaguna. Kulturarteko Plaza Feministan.

Abenduak 15, Dokumentala: Paseko txoriak. Juanmi Gutiérrezek zuzendua, euskeraz, gaztelaniazko azpitituluekin. 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan.

Abenduak 15, Elkarretaratzea, migrazio bidean izandako hilketak salatzeko. Zinkoeneatik 19:45etan abiatuta, Karabeleko zubira.

Abenduak 17, Migrazinea: Fahim. 17:00etan, Gaztelekuan.

­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!