'Fahim' filma, Gaztelekua eta Amher elkartearen arteko lankidetzari esker

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Fahim munduko xake jokalari onenetakoa izatera iritsi zen.

Datorren ostiralean, abenduaren 17an eskainiko da Gaztelekuan bertan, 17:00etatik aurrera.

Hernaniko Gaztelekuak abenduan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu, eta esanguratsuena  da abenduaren 17an izango den Fahim pelikularen proiekzioa. Amher elkartearekin lankidetzan eskainiko dute 17:00etan, Gaztelekuan, Migrazinea zikloaren barruan. 

Benetan gertatutako kontakizuna da. Fahim (Assad Ahmed) Bangladeshko mutikoa eta bere aita, Nura (Mizanur Rahaman) herrialdea uztera behartuta daude, euren familiarentzako etorkizun hobe baten bila. Parisera iristen dira. Fahimek duen xakerako berezko talentua izango da asilo politikoa lortzeko salbazio bakarra, eta bai bera eta baita bere aita ere, Bangladeshera ez itzultzeko. Sylvain (Gérard Depardieu) Frantziako entrenatzaile eta xake jokalari onenetako baten laguntzarekin, Fahimek oztopoak gainditu beharko ditu hainbeste desio duen bizitza lortzeko. Azkenean, pelikulako protagonista xakean maisu haundia izatera iritsi zen.  

Beste hainbat ekitaldi, datozen egunetan 

Honako hau ez da Gaztelekuan abenduan antolatuko den ekintza bakarra. Gaurko, mahai tenis txapelketa antolatu dute  eta, bihar, Sex Education telesail arrakastatsua ikusiko dute. 

Datorren astean, Fahim pelikulaz gain, asteazkenean saskibaloiean arituko dira kiroldegian, 12-17 urte bitarteko gazteak. Larunbatean, abenduaren 18rako, Zerura begira irteera antolatu da Planetariumera, eta abenduaren 19an, berriz, eskulanak egingo dituzte.

Santo Tomas egunean, txistorra prestatuko dute, eta abenduaren 22an eta 23an, aldiz, harizko mandalak eta egurrezko kutxak egingo dituzte.

Abenduaren 27tik abenduaren 30era berexi mural margoketa (abenduak 27); aerorrumba kiroldegian (abenduak 28); Costa jump-era irteera (abenduak 29) eta urte berrirako desafioak (abenduak 30) antolatu dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!