«Koronabirusari ez diote garrantzi haundirik ematen; gaixotasun potoloenak HIESa eta malaria dira»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Pello Alberdi hernaniarra eta Jon Rodriguez ordiziarra, Biziz proiektuko protagonistak, Livingstone herrian (Zambia).

Pello Alberdi hernaniarrak irailean hasi zuen 'Biziz' proiektua, Jon Rodriguez ordiziarrarekin batera, Hego Afrikara bidean. Tanzanian daude orain, eta Omicronaren gaia hemen puri-purian badago ere, «ondo eta lasai» daudela ziurtatu dute.  

Zein da hango egoera?
Euskal Herrian gertatzen ari denaz jabetzeko, hedabideetara jo eta albisteak irakurtzen ditugu. Omicron bariantearen kontuaren berri izan genuenean, Zambian geunden, Tanzaniako mugatik 300 bat kilometrotara. Momentu horretan,  alarma piztu eta alertan jarri ginen, muga itxiko ote zutenaren beldur. Horregatik, erabaki genuen mugara ahalik eta azkarren heltzea. Ikusi genuen prentsan gaia bolo-bolo zebilela, eta, egia esan, gehienbat komunikabideek esaten zutenagatik hartu genuen azkarrago mugitzeko erabakia. Izan ere, hemen galdetzen aritu gara, eta esan digutena da bi gaixotasun potoloenak direla malaria eta HIESa. Hau da, ikusten ari garenagatik, esan genezake koronabirusari ez diotela garrantzi haundirik ematen. Eta horren haritik, nahiko xelebrea izan da beraiek esandakoa. Aholku gisa, esan digute koronabirusa sendatzeko erremedio onena dela jengibre tea hartzea. Horrekin beti sendatuko omen gara!

Nola bizi zenuten proiektuaren hasierako fasea?
Hasieran arraroa izan zen guztia, egunero-egunero espero ez genituen gauzekin egiten genuelako topo. Esaterako, etapa leku batetik egitea zehazten bagenuen ere, zerbait gertatu eta ibilbidea moldatu behar izaten genuen. Horrez gain, ezustekoak ere izan genituen, eta horrek eguna goitik behera aldatzen zuen; tentsio puntu batekin bizi izan garela esan genezake. Eguna oso-oso nekatuta bukatzen genuen, esperientzia eta emozio berri asko izaten genituelako uneoro.

Hala ere, hori guztia ikusita, dagoeneko badugu esperientzia pixka bat eta, horregatik, guztia lasaiago hartzen dugu. Jakin badakigu gauza berriak etorriko direla, eta lasaiago gaude. 

Zerk harritu zaituzte gehien?
Bagenekien malaria eta bestelako gaixotasunak bazeudela, baina HIESa oso presente dago hemen. Jende askok duela esan digute, eta adin txikikoak, umeak, ere ezagutu ditugu gaixotasun honekin. Barruak nahasten dizkigute horrelako testigantzek; gogorra da hori entzutea.

Bestalde, uste genuen jende txuria ikusiko genuela, baina apenas ikusi dugu. Gu gara bakarrenetarikoak. Baina hori baino, harridura sortu digu ezagutu ditugun txuriak eta beltzak ez direla harremantzen. Elkarren artean errespetatzen dira, baina herrialde berean bizi badira ere, ez dute harremanik. Alegia, ez dugu txuri bat eta beltz bat elkarrekin ikusi, laguntasunean.
Horrez gain, hemen dena oso zaharra da, eta ez dugu etxe edo auto berri bat ikusi. Are gehiago, kotxeak nahiko egoera kaxkarrean daude. ITVrik, adibidez, ez dago. Bizikletan goazela, egunero 4 edo 5 kotxe ikusten ditugu matxuratuta, errepide bazterrean gurpila aldatzen… eta horrek ere harritu egin gaitu.

Eta gehien gustatu zaizuena?
Gehien gustatzen zaiguna da egunero esperientzia asko bizitzen ditugula. Momentuan, agian, ez dugu gozatzen, alertan gaudelako eta gauzek asko harritzen gaituztelako. Baina, afalorduan, gauean, berriketan hasi eta gertatutako guztiaz hitz egitean gozatu egiten dugu. 

Zein da Gabonetarako plana?
Oraintxe Tanzanian gaude eta gure asmoa da Gabonak Zanzibar irletan pasatzea. Lasai egon nahi dugu eta esan digute tokia oso aproposa dela motxileroentzat. 800 kilometro falta zaizkigu iristeko eta 10 bat egun beharko ditugu horretarako. Beraz, horixe da gure helburua orain. Etxekoek kontatu digutenarekin, Euskal Herrian euria ari du barra-barra… Gu berotara goaz, Gabon batzuk eguzkitan pasatzea ez zaigu gaizki etorriko!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!