Eguberri doinuak argi-izpi

Aloña Beraza Peña 2021ko abe. 11a, 00:00

Urtezaharreko errondak beti izaten du hitzordua zaharren egoitzan.

Ilusioa, aldarte ona, oroitzapenak eta ohitura berriak itzuli dira Hernaniko adinekoen egoitzara. Iazkoaren bidetik bada ere, Gabonen atarian gogotsu daude egoiliarrak; tartean, egunerokotasunetik bereizteko egitasmoak ate-joka dituztelako.

Hotz da kanpoan. Aldiz, goxotasuna sentitzen da Hernaniko adinekoen egoitzako egongeletan. Gabonetako apaingarriak nonahi, argi koloretsuak, distirak, pinuak eta jaiotzak ere badira zentruko solairu guztietan. Iritsi dira Gabonak Hernaniko adinekoen egoitzara ere.

Birjina maite tonuartean oroitu du Feliciano Sistiagak nolakoa den Gabonen usaina. 97 urte dituen sanjuandarrak ilusio handiz bizi izan ditu beti Eguberriak, familiaren eta tradizioaren gerizpean. 30 urte eman ditu Parisen bizitzen, eta dagoeneko hamarkada bat ere egin du Hernaniko zentruan. Kalera atera, eta Gabonetako giroa ikustea polita dela dio: «Kaleko argiak piztuta egoten dira, Gabon kantak eta musika toki guztietan, eta haurrak etxez etxe abesten ikustea gustatzen zait. Poza ematen dio herriari».

Hernaniko adinekoen egoitzako erabiltzaileek urte luzez parte-hartu dute herriko Gabonetako ekintzetan. Olentzeroren bisita izaten dute, herriko abesbatzak ere hurbiltzen dira egoitzako korridoreak alaitzera, eta baita Ttarla dantza taldeko kideak ere, besteak beste, oinak aireratu eta eskuak goratzera. Ordea, egungo egoerak hori ere aldatu duela kontatu du Nerea Muñozek, Hernaniko adinekoen egoitzako begiraleak: «Gure ohiturak ere aldatu ditu pandemiak. Hartu-eman handia izan dugu beti herriarekin, baina bigarren urtez ezin izan dugu herriko eragileekin ekintzarik antolatu».

«Badirudi Gabonak egoitzetan tristeak direla, baina ez da hala, oso garai polita da»

Aitzitik, iazkoarekin alderatuta, desberdintasun esanguratsu bat aipatu du Bea Matilla egoitzako psikologoak: «Iaz bisitak ere oso murritzak ziren, eta senideek ez zuten aukerarik egun garrantzitsuenetan egoitzara etortzeko. Aurten, zorionez, norbaitek Eguberri egunean bisitatan etorri nahi badu, badago horretarako aukera». Herriko eragileek, baina, ezingo dute egoitzako egitarauan parte-hartu. Halabeharrez egindako etena den arren, Matillak aitortu du etenaldia handia ari dela izaten: «Egoitza ez getifikatzeko oso garrantzitsua da harremana. Egoiliarrak dira, baina baita herritarrak ere. Egoitza herrian dago, eta garrantzitsua da egoitzak herriko jardueretan parte-hartzea». Gizarteratzearen parte dela gaineratu du Muñozek, herrian integratuta sentitzeko ezinbestekoa: «Herriaren parte direla sentitzen dute, bestela, badirudi egoitzako erabiltzaileak ahanzturan geratzen direla».

 

Etxe barruan bada giro

Egungo egoerara egokitzeko premiak bultzatuta, iaz egoitzan bertan prestatu zituzten ekintza guztiak, eta horrek egoiliarren artean ohi baino prestutasun handiagoa somatzea ekarri zuen. «Erabiltzaile bat Olentzerorena egiteko prest azaldu zen eta ondoren beste bat ere animatu zen erregez janzteko. Solairu bakoitzean Olentzero eta errege bana izan genituen. Oso polita izan zen, gogotsu zeuden eta ilusioa berpiztu zen egoitzan», adierazi du Muñozek. Matillak ere nabarmendu du sorpresa handia izan zela guztientzat: «Sekretua gordetzeko eskatu genien, eta isilpean mozorrotu genituen. Asko gozatu genuen denok, langileontzat ere garrantzitsua baita egoiliarrak ondo daudela ikustea». Irrikitan daude aurreko urteetako ohiturak berreskuratzeko, baina, aurten ere iazko planteamenduari eutsi beharrean dira; solairu bakoitzean antolatuko dituzte egitasmoak, sektorizazioari eutsiz.

Sistiagak gustuko du kantuan aritzea, eta azaldu du abenduaren 22an izango dutela horretarako astia egoitzan: «Fededuna naiz, eta oso praktikantea. Gogoko dut abestea, batez ere betiko abestiak, tradizionalak eta elizako kantak. Gabon kantak taldean abesteko ekintzan oso gustura aritzen naiz». Bestelakoak ere badira; San Tomas egunean txistorra izaten dute merienda orduan, eta bingo, toka edo karta txapelketak ere antolatzen dituzte. Gainera, Gabonak iritsi aurretik eskulanetan aritzen dira; egoiliar bakoitzak postal bana egiten du, ondoren senideen etxeetara bidaltzeko.

 

Kisketak 'klik

Hernaniko adinekoen egoitzan, gainerakoen antzera, unean uneko egoerara etengabe egokituz daramatzate ia bi urte. Protokolo aldaketak, neurri are murriztaileagoak eta zorroztasuna dira egunerokotasunean hizpide. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileak izan dira inork baino itxialdi luzeagoa pairatu dutenak, eta, ostera, denbora luzea igaro da bisitak jasotzen hasi diren arte. Bereziki gogorra ari da izaten haientzat, eta egoera luze doan honetan, denbora urre sentitzen dute. Hala ere, egoitzako psikologoak azaldu du orain animoz ondo daudela: «Gu ez gara konturatzen kalera irtete hutsak zenbateko mesedea egiten dien. Egunero kalera ateratzeko aukera dutenetik, eta senideek bisitak egiteko baimena dutenetik alde handia somatu dugu». Egoiliarrentzat zein senideentzat bereziki luzea eta gogorra ari dela izaten kontatu du, baina egoera berrietara egokitzeko duten gaitasuna miresgarria dela dio: «Txapela kentzekoa da egiten duten saiakera, eta denbora honetan guztian izan duten jarrera. Gu kalean geunden eta haiek eraikinetik atera ezinda. Konturatzen zara edonork baino gehiago baloratzen dutela momentuan momentukoa».

Dena den, eder edo itsusi, zein begik ikusi. Muñozek nabarmendu du Gabonen gainean denetariko iritziak biltzen dira egoitzan, kalean entzun daitezkeen iritzi kontrajarri berak: «Gustuko dutenek pozarren hartzen dute urte-sasoia. Beste batzuei, ordea, Gabonen kutsu nostalgikoak gehiago eragiten die; sentiberago egoten dira, ez nuke esango triste, baina asko hunkitu egiten dira, eta hori ere zaindu behar da».

Aurten, gaur-gaurkoz bai behintzat, aukera dute jaiak familiarenean igarotzeko. Matillak azaldu du pertsonaren araberako hautua izaten dela, baina, gehienek, nahiago izaten dutela egoitzan bertan geratu, edo, asko jota, bazkari berezietarako irten eta otorduaren ondoren egoitzara itzuli. «Errutina eta ordutegi propioa dute hemen, eta askotan kanpora joateak onura baino desoreka eta ezinegona sortzen die. Nahiz eta aukera izan, gutxik nahi izaten dute etxekoekin ospatu», gaineratu du.

 

Hernaniko Adinekoen Egoitzan ere giro goxoan ospatuko dituzte Gabonak.

 

Jatekoaz beste

«Birjina maite» amaitzear «Aurtxo txikia sehaskan dago» hasi du Sistiagak, eta letra baten eta bestearen artean etena eginda, bide eman die oroitzapenei: «Gogoan dut nire etxean nik hartzen nuela jaiotza jartzeko ardura. Eta, Eguberritan ezinbestekoa zen aza olioarekin eta ozpinarekin jatea. Horren ondoren, gurean gaztainak ez ziren sekula falta». Berretsi du garaiak aldatu direla, eta gizartea bestelakoa dela. Beraz, ohiturak zahar batzuk atzean utzi eta berri batzuei tartea egin diela kontatu du: «Orain azarik ez, baina arkumea, arraina, turroiak, polboroiak, errege opila eta txanpaina izaten ditugu». Izan ere, kaleko bizimoduaren isla beharko lukete adinekoen egoitzak. Hortaz, egun seinalatuenetan etxeetan jateko berezia izaten den modu berean, egun horietan egoitzako menua ere bestelakoa dela azaldu du Matillak: “Mahatsa ere jaten dute urte zaharrean, ohera joan aurretik».

Aldatu ez diren ohiturek, ordea, tinko diraute; ikazkinaren edo Ekialde Hurbiletik datozen erregeen opariak jasotzeko tradizioa, esaterako. Hernaniko adinekoen egoitzak bina opari prestatzen dizkio egoiliar bakoitzari Eguberritan. Abenduaren 24an ireki ohi dute lehena, Olentzerok ekarria; eta urtarrilaren 5ean bigarrena, Erregeen kortesia. Urte hauetan guztietan mantak edota poltsikoan gordetzeko moduko erlojuak jaso dituzte opari gisara. Aurtengoa zer izango den jakin gabe, ordea, Sistiagak argitu du pozarren hartuko duela dena delakoa: «Beti izan naiz oso dotore janztekoa, eta gustukoa dut apaintzea. Nik ez dut ezer eskatzen, baina oso gustuko dut urtebetetzetan senideek oparitu zidaten kolonia».

«Herriarekin dugun hartu-emana ezinbestekoa da. Egoiliarrak dira, baina baita herritarrak ere»

Eskaririk ez, baina desira bakarra ozen eta altu Sistiagak: «Urte berriarekin batera bakea nahiko nuke. Guk ezagutu ditugun gerrak saihestu behar dira, eta gerra berririk ez sortu. Balekin bai, baina txertoarekin izango ote degu bakerik? Guretzat hori gerra berria da. Lehen ez ginen gaizki, gure adinarekin beti egoten dira disgustuak, baina azken urteetan ez geunden gaizki. Dena antzekoa izatea nahi nuke».

Sistiagak nahi propioez jardun badu ere, ziurrenik, egoitzako kide diren guztien ordezkari gisara ere hartu litezkeenak dira. Aurrekoak bezain libre ez, baina iazkoak baino goxoagoak izango dira aurten Hernaniko 108 egoiliarrek igaroko dituzten Eguberriak. Hernaniko adinekoen egoitzan Gabonez gozatzeko aukera izango da, batez ere, etxean, egoitzan bertan egindako apaingarriekin atondutako txokoen konpainian. Langileen aldartean ere nabari da distira. Matillak eta Muñozek, biek ala biek aitortu dute Gabonak pizgarri direla egoitzan. «Askotan badirudi kalean jasotzen den pertzepzioa dela Gabonak adinekoen egoitzetan tristeak direla, eta bakardadea dela nagusi. Ez da hala, Gabon garai polita da hemen bizi eta lan egiten dugun guztiontzat», hausnartu du psikologoak. Izango da elkarri zer kontatua aurten ere pinuen artean, batenak eta bestearenak entzunez, edozein etxetako mahainguruen pare. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!