Hernanik, bihar, Independiente indartsuaren kontra jokatuko du

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Liderraren aurkako partidua 12:00etan hasiko da Santanderren, San Roman zelaian.

Denboraldiko partidurik zailenetako baten aurrean, zailena ez baldin bada, aurkitzen da Hernani. Bihar, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Independiente Santanderren aurka jokatuko du Kantabrian San Roman zelaian.

Santanderreko taldeak aurreko denboraldian galdu zuen Ohorezko Maila eta aurten faborito nagusienetako bat da maila berreskuratzeko. Orain arte, bost partiduetatik bostak irabazi ditu, nahiko erraz, eta Ohorezko B Mailan liderra da 29 punturekin, A multzoan, Belenos taldearekin berdinduta.

Hernani hirugarren sailkatua da 25 punturekin, garaipen bat gutxiagorekin. Gaurko partidua benetan da garrantzitsua hiru lehenengo postuetan sailkatzeko borrokan. Lortuz gero,  pauso haundia emango luke Hernanik. Hernaniarrek ez zuten zorterik izan lehen itzuli edo faseko zozketan. Getxon jokatu dute eta Santanderren jokatu beharko dute bihar. Talde indartsuen multzoan Belenos bakarrik izango da bisitari, datorren astean, etxean.

Bihar, garaipena lortzea ez da erraza izango. Kantabriarrak faboritoak dira partidua irabazteko. Hasieratik egon beharko dute trikoloreek partiduan sartuta. Gogoratu behar da, lehen fasean hamaika partidu jokatuko direla eta, ondoren, Ohorezko B Mailako hiru multzoetako hiru lehenengo sailkatuek bederatziko taldea osatuko dutela. Fase hori hutsetik hasiko dute bederatzi taldeek eta zortzi partidu eta gero, lehenengo lau sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte bi partidutara.

 

Hernaniko neskek gaur, Gasteizen

Landareko zelaian ezin da partidurik jokatu euriteen ondorioz;  eta, horrela, Hernaniko beste lau taldeek aldaketak izan dituzte. Etxean jokatu behar zuten neskek, gaur 15:30etan, Gasteizen ariko dira Gaztediren aurka. 23 urtez azpikoek Ordizian jokatuko dute, bihar, Gernikaren aurka. 18 urtez azpikoek Donostian jokatuko dute eta 16 urtez azpikoen partidua atzeratu egin da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!