Datorren larunbatean izango da panpin lehiaketaren sari banaketa

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Familian, lagunekin edota bakarka egin ditzakezue lanak.

Aurtengoan ere, Mari Domingiren eta Olentzeroren panpin lehiaketa antolatu du Kronikak Gabon hauetarako. Datorren larunbateko Sortzaileon Azokan aurkeztu beharko dira lanak, eta bertan erabakiko dira garaileen izenak. Hiru sari izango dira: helduen kategoriakoa, haurrena, eta zozketa bidezkoa. 

Joan den urtekoari segida emanez, aurtengoan ere Olentzeroren eta Mari Domingiren panpin lehiaketa aurkeztu du Kronikak. Oraingo honetan, ordea, berezia izango da edizioa; izan ere, datorren larunbatean, abenduaren 18an, Sortzaileon Azoka antolatu du Dobera-Kronikako lantaldeak, eta bertan erabakiko dira, aurkeztutako lanen artean, irabazleen izenak. Sarituak zeintzuk izango direnaren erabakia adituen esku utziko da; hain justu, azokan parte hartzen duten sortzaileek izendatuko dituzte aurtengo edizioko garaileak.

Deialdia luzatu zaie familiei, lagun taldeei, norbanakoei, ikastolei... izan ere, guztiek dute parte hartzeko aukera. Lehiaketaren nondik norakoak, hain justu, errazak dira, edonork egiteko modukoak. 

Kartulinak erabili ditzakezue panpinak egiteko.

Hasteko eta behin, jakin beharrekoa da ez dagoela arau  finkorik. Alegia, panpina egiteko, Olentzeroren eta Mari Domingiren artean aukeratu daiteke; baina, noski, biak egiteko eta biak aurkezteko aukera ere badago. Gainera, garaiz bazabiltza, astoa ere egin dezakezu. Nahieran... erabakia, zure esku! 

Bestalde, hori bai, kontuan izan panpinek material berrerabiliekin eginak izan beharko dutela. Horretarako, erabili ditzakezue arropa zaharrak, trapuak, aurreko asteetako Kronikak, lastoa, eta beste hamaika material. Joan den urtean, makina bat aukera erabili zituzten partehartzaileek. Guztien artean, helduen kategorian, saria jaso zuten Nekane Idarretaren panpinek. Bi kalabaza ziren Nekaneren Olentzeroren eta Mari Domingiren oinarriak, eta originaltasuna saritua izan zen kasu honetan. Beraz, eragin buruari, ziur zuek ere izango dituzue-eta ideia zoragarriak aurtengorako!

Bestelakoan, baldintzarik ez dago. Familian, lagunartean, banaka edota nahi duzun beste edonorekin egin ditzakezue panpinak. Helburua, jakina denez, ondo pasatzea, entretenitzea, momentu goxoak bizitzea eta, jakina, etxeak apaintzeko panpinak egitea da.

 

3 sari: umeena, helduena eta zozketa bidezkoa

Aipatu moduan, sari banaketa datorren larunbatean izango da, hilaren 18an, Atsegindegin antolatutako Sortzaileon Azokan. Hiru irabazleen izenak (helduarena, haurrarena eta zozketa bidezkoarena) 13:00etan jakinaraziko dira. Nolanahi ere, parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik utzi beharko dituzte lanak azokan, 10:00etatik 11:00etara bitartean. 

 

 

«Irudimenari mugarik ez jarri eta aurreiritzirik gabe sortu»

Uxue Bereziartua sortzaileak panpinak egiteko hainbat gomendio eman ditu. 


Uxue Bereziartua Berexi Art izango da Sortzaileon Azokako partehartzaileetako bat, eta lehiaketan bozka emango duen haritik, argi du zein den panpin borobila lortzeko gakoa: «irudimenari mugarik ez jartzea eta aurreiritzirik gabe sortzea», dio. «Hori da, batez ere, garrantzitsuena». Horrez gain, etxean ditugun elementuak berrerabiltzeko deialdia luzatu du: «materiala erosi beharrean, berrerabili daitekeen gauza mordoa dugu gure inguruan, eta sormena lantzen lagundu dezakete. Hortaz guztiaz baliatu eta ekin sortzeari; eta, batez ere, ondo pasa eta gozatu bidean!».

Kalabazekin egindako Nekane Idarretaren panpinek jaso zuten saria.

AHOLKUAK

- Irudimenari mugarik ez jarri.

- Aurreiritzirik gabe sortu.

- Materiala erosi beharrean, etxekoa berrerabili.

- Ondo pasa eta gozatu bidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!