EAJren ustez, EH Bilduk «kezko kortina» jarri du

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 8a, 00:00

EAJk onartu duenez, EH Bilduren «akusazioen larritasuna» ikusita, oharra berrikusi du eta barkamena eskatu du, besteak beste.

Alderdi jeltzaleak EH Bilduk egindako idatziari buruz argitaratu duen azken argitalpenaren aurrean, argi eta garbi utzi du: «ez ditugu inoiz egin EH Bilduk ohar horretan egozten  dizkigun akusazioak. Are gehiago, ez gara  EH Bilduk bere idatziei buruz egiten dituen interpretazioen erantzule egiten, eta ez dugu ulertzen interpretazio horien arrazoia».

EAJk onartu duenez, EH Bilduren «akusazioen larritasuna» ikusita, oharra berriro berrikusi eta galdera hau gaizki interpretatu zitekeelakoan, hauxe adierazi du: «norbaitek etekina ateratzen du bide hori gauzatzean, eta ez luke bestearekin egingo?». Egoera horren aurrean, Andoni Amonarraizek barkamena eskatu du: «argi eta garbi adierazi nahiko nuke asmoa ez zela mintzea. Beraz, barkamena eskatzen diegu koalizioko-kideei, boto-emaileei eta jarraitzaileei, bai eta minduta sentitu diren guztiei ere».

Alderdi jeltzaleko bozeramaileak jakinarazi du ez duela inor ezertara behartu nahi: «EAJk ez du inoiz behartu izan nahi osoko bilkuraren gehiengoa beste proiektu bat egitera. EH Bilduri eskatzen dioguna da Floridako trafikotik irteteko beste irtenbide posible bat aztertzea. Izan ere, gure azterlana egin zuen ingeniariak ondorioztatu zuen 8 metroko zabalera, %7ko inklinazioa duen bide bat egin zitekeela eta 4 metroko garaierako tunelarekin».

Horrez gain, adierazi dute proposamen honek eragin gutxiago duela: «ez Karabeleko auzoa edo futbol eta errugbi klubentzako belar artifizialeko zelai berri bat egiteko aukera, paper-fabrika... Honako proposamen hau txikiagoa da eta kostu txikiagoa suposatuko luke». Eta ingenieritza independente batek egindako oinarrizko azterketak proposamena baliogabetzen badu edo kostu ekonomikoa eta afektazioak proiektatzen ari dena baino haundiagoak edo antzekoak badira, gehitu du: «EAJk baliozkotzat joko luke konparazioa. Izan ere, alderdi jeltzaleak beti babestuko du aukera onuragarriena hernaniarrentzat».

Amonarraizek EH Bilduren idazkiaren beste atal bat ere azpimarratu du: «azpimarratu nahi dugu guk oso oinarrizko azterketa eta fotomuntaia egin dugula, ingurua nola gera litekeen ikus dadin. Gure azterlanean oinarritu gara azterketa pixka bat haundiagoa egitea eskatzeko. Alkateak dio eman zitzaizkigun argudio guztiak Udal Erregistroak 2021eko urriaren 7an sartutako dokumentu batean azaldu genizkiola (erregistro zenbakia: 2021-000005398). Udaleko inork, politikarik zein teknikarik, ez digu gure txosten teknikoa eskatu. Haren zati bat daukate». Eta, jarraian, honako galdera bota du alderdi jeltzaleak: «EH Bilduk zergatik desbideratu nahi du gaia argitaratutako oharrarekin eta gai tekniko, ekonomiko eta sozialetan oinarritu behar den erabakia hartu?».

EAJko bozeramaileak, beraz, hausnarketa egin du azkenean: «ez al dago EH BIlduk emandako erantzun amorratuaren helburua kezko kortina bat jartzea, gai garrantzitsu bat estaltze aldera?». Jarraian, Amonarraizek dio ausardia eduki behar dutela: «Hernanirentzat ona den proposamen bat defendatzeko lokatzetara joan behar badugu, han elkartuko gara. Batzuk politikan ari gara hernaniarren ongizatea biltzeko, beste edozeren gainetik. Politika eta politikariek hernaniarren mailan egon behar dugu».  Eta, horregatik, gai nagusiari heldu dio berriro alderdi jeltzaleko bozeramaileak: «Ingeniaritza independente batek emandako datu teknikoekin erantzun al dezakezu EAJren proposamena ez dela proiektatzen ari dena baino merkeagoa, efizienteagoa eta iraunkorragoa? Azterlana ez egiteko arrazoia EAJk eskatzen duela bada,  esan, eta Floridako edozein bizilaguni eskaera egiteko eskatuko diogu. Ziur hautagaiak ez zaizkigula faltako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!