38. eguna: Lusaka (Deskantsua)
Lusaka Zambiako hiriburua izanik baditu herri txikietan aurkitu ezin daitezkeen milaka gauza. Normalean bizikleta dendaren bat izan beharko genuke begiz jota, baina bizikletek arazorik ez dutenez, aisialdirako gune bat fitxatua dugu. Zinea.
James Bond-en azkena ikusi dugu. Hala ere, helburua ez da pelikula konkretu hau ikustea, zinea bera gozatzea, alegia. Eta aspaldiko partez palomitak jatea, noski. Deskantsua hartzeko alternatiba ezin hobea.
39. eguna: Lusaka (Deskantsua)
Ez dakigu zineko palomitak edo gosariko gurina izan den, baina gau osoa komuna bisitatzen pasa dugu beherakoak jota. Egun batzuetan arroza, platanoak, sagar egosiak eta tostadak jatea tokatuko zaigu… Sagar konpota oso ona ateratze zaigu behintzat!
40. eguna: Lusaka (Deskantsua)
Tripetan hobekuntza nabaritu dugu, gaua lasaia joan da behintzat. Hala ere, gaur etapa egiteko asmoa bagenuen ere, deskantsatzea erabaki dugu, badaezpada. Hiriburuko kaleetan galtzeko aprobetxatu dugu goiza, bertako zarata eta merkatuetan galduz. Arratsaldean bilar partidak. Pedalei eragitea hobe emate zaigu…
41. eguna: Lusaka – The Farm Stall (64km, +200m)
Etapa normalean baina motzagoa gaurkoa. Sentsazioak ez dira onak izan hasieratik eta gelditzea erabaki dugu. Errepide bazterreko jatetxe moduko batean bazkaldu dugu eta beraien lurretan kanpina jartzen utzi digute.
Deskantsua hartzeko goiz oheratu gara, baina ilundu bezain laster soinu arraroak entzuten hasi gara kanpin dendatik oso gertu. Soinu motagatik nahiko garbi genuen zer izan zitekeen. Linternarekin ingurua aztertu dugu, oker egon nahi genuen iragarpenetan. Baina ez, bete betean asmatu dugu… Arratoiak. Ez bat edo bi, talde handia zebilen gure inguruan gure gauzetan kuxkuxeatzen. Beste txoko batera joan gara segituan. Dirudienez inguru honetara ez dira gerturatzen. Ea gau ona pasatzen dugun…
42. eguna: The Farm Stall – Kabwe (76km, +110m)
Gaua luze joan da eta gorputz txarrarekin esnatu gara, nekaturik. Hala ere, etapa egitea erabaki dugu. Kabwe herria 76 km-tara dago eta bertan GKE bat bisitatuko dugunez, ondo deskantsatzeko aprobetxatuko dugu.
Oso ahul sentitu gara hasieratik. Horrelako egunetan egiten du kontrako haizeak min gehien, eta gaurko egunak ez digu barkatu. Eguardian iritsi gara Kabwera indarrak guztiz hustuta eta zuzenean hemengo ezagun batek gomendaturiko hostatura etorri gara. Piszina duela ikusteak irribarrea atera digu, ondo errekuperatzeko leku paregabea.
Pello nekaturik soilik aurkitzen da, baina Jonek gaixo jartzen ari denaren zalantzak ditu… Ea gaurko gau honetan ondo deskantsatzen dugun eta dena neke hutsean geratzen den.