Ekintza bereziak Gaztelekuan, ostiraletik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 00:00

Mural baten diseinua prestatuko dute ostiralean, Berexiartekin. Abenduaren 21etik aurrera, neguko oporretarako ekintza bereziak prestatu dituzte; ostegunean hasiko da izenemate epea.

Makina bat ekintza berezi antolatu ditu Gaztelekuak abenduko hilabeterako. Eta oporraldi laburretik bueltan, ostiralean emango diete hasiera ekintza ho­riei, Berexiartekin. Izan ere, mural baten diseinuaren prestaketa antolatu dute. Gaztelekuan bertan izango da, eta bertan definituko dute abenduaren 27an egingo duten murala. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean jarri dute hitzordua.

Abenduaren 15ean, gorputza mugimenduan jartzeko asmotan, saskibaloian aritzeko zita jarri du Gaztelekuak. Kiroldegi­an izango da hori, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara.

Eta hilaren 18an, Eureka Zientzia Museora eta bertako Planetariumera irteera ere antolatu dute, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara bitartean. Ekintza honetan parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena: izenemate orria bete, eta 5 euroko fidantza entregatu beharko da, ekintzara joanez gero bueltatuko dutena.

Hilaren 21etik aurrera, berriz, neguko oporretarako ekintzak antolatu dituzte Hernaniko Gaztelekuko hezitzaileek: sukaldaritza 21ean, harizko mandalak 22an, egurrezko kutxak 23an, murala 27an, aerorumba 28an, Costa Jumpera irteera 29an, eta urte berrirako desioak eskatzeko saioa 30ean. Horietarako ere, aldez aurretik izena eman beharko da Gaztelekuan, izenemate orria bete eta 5 euroko fidantza utzita. Plaza mugatuak izango dira eta lehentasuna izango dute ikasturte honetan irteeretan parte hartu ez dutenek. Abenduaren 9tik aurrera eman daiteke izena neguko oporretarako ekintza berezietan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!