«HAPO tresnak ez luke inolako eraginik izango, EAJk eta PSE-EEk proposatutako zuzenketa Legebiltzarrak onartuz gero»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 5a, 00:00

Hernaniko Elkarrekin Podemoseko Jaione Aristregi, mozioa irakurtzen, joan den astearteko Plenoan.

«Udalen autonomia errespetatu» eta Interes Publiko Goreneko Proiektuen aurka egin dezala eskatu dio Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrari.

Hainbat udaletan aurkeztu ditu mozioak Elkarrekin Podemos-IU alderdiak, Eusko Legebiltzarrari eskatzeko «udalen autonomia errespeta dezala, eta Eusko Jaur­laritzaren Interes Publiko Goreneko Proiektuen aurka egin dezala». Hernaniko Udalean ere aurkeztu zuten mozioa, EH Bildurekin batera, joan den astearteko Plenoan; eta bi alderdien botoekin onartu zen, kontra boz­katu baitzuten EAJk eta PSE-EEk.

Ingurumen Administrazioaren Legeari buruzkoa da mozioa, eta Elkarrekin Podemosek azaldu du, EAJk eta PSE-EEk lege horretan proposatu duten zuzenketa dela kentzea nahi dutena: «zuzenketa horrek Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura berria ezartzen du, eta horrek urra­tzen ditu lurralde-antolamenduari eta ingurumen-babesari buruzko legearen egungo bermeak, eta eragin sakona dauka udal-autonomiaren printzipioan». Azaroaren 5ean gehitu zioten zuzenketa hori EAJ eta PSE-EE alderdiek, Eusko Legebiltzarrean, Ingurumen Administrazioaren Lege proiektuari: «zuzenketa horretaz baliatuz, lurralde plangintza bertan behera uztea erabaki liteke, Eusko Jaurlaritzaren aldetik Interes Publiko Gorene­ko Proiektu (IPGP) deklaratuz gero; eta hiri-plan­gintza berregokitu be­harko litzateke proiektu horiek egin ahal izateko», eman du adi­tzera Elkarrekin Podemosek.

Eta gogor kritikatu du hori: «Lurraldearen Antolamendurako Legearen eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorren (HAPO) atzeko atetik egindako erreforma eta zapalketa da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren eta toki antolamendurako arauen aurkako proiektuak onartzea ahalbidetu, eta lehen ezarritako lurralde-antolamenduko sistema desegiten du. Horrela, HAPO planek ez lukete inolako eraginik izango IPGP horietan, eta beraz, udalek jarduera-lizentzia eman beharko liekete beren hiri-antolamenduaren kontrako proiektuei. IPGP deklaratzeak, erabateko hierarkia izatea ekarriko luke, eta egungo lurralde antolamenduko tresnak saihestuko lituzke». Elkarrekin Podemosek azaldu duenez, «ustezko ingurumeneko hobekuntzak dituen edozein proiektu deklaratu daiteke IPGP, baina baliteke hobekuntza horiek ez izatea hobekuntza, eta erabaki politiko hutsa izatea».

Horregatik dio, «beharrezkoa» dela udalek «hitz egitea Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen aldaketaren aurka».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!