Goikoetxeak eta Barrenetxeak ezin izan zuten Ansa-Martirenaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Ostegunean jokatu zen beste jardunaldia, eta gaur ere Binakakoaren partidua du atzelari hernaniarrak.

Goikoetxeak eta Barrenetxeak galdu egin zuten ostegunean,  Ansa II.a eta Martirenaren kontra Binakako erremonte Txapelketaren bosgarren jardunaldian eta euren bigarren partiduan. Bikote urdinak 33-40 irabazi zuen, eta, emaitza horrekin, Goikoetxeak eta Barrenetxeak puntua lortu zuten. Horrekin, garaileek hirutik hiru garaipen eskuratu dituzte. Finalerdietara sailkatu dira matematikoki eta aurreneko postua ere ia eskura dute.

Partidu oso polita eta ongi jokatutakoa izan zen, baina azken hamar tantoetan urdinek ihes egin zuten 0-5eko partzialari esker. 31-33ko markagailutik 31-38ra pasa ziren eta, azkenean,  33-40 itxi zen norgehiagoka. 

Partidua berdindua joan zen amaierara arte. Hasieran, gorriak joan ziren aurretik 11-8, baina 0-6ko partzialarekin urdinak aurrea hartu zuten: 11-14. Berdinketak egon ziren, nahiz eta urdinek hiru eta lau tantoko abantailak lortzen zituzten, 15-18 edo 21-25ekoan. Tanto bakarra eta bi tantoko aldearekin iritsi ziren une erabakiorrera eta, hor,  Ansak hartu zuen aginte makila.

Ansa izan zen, berriz ere, partiduko erremontistarik onena. 20 tanto egin zituen eta 4 akats. Gainera, zazpi tanto amaitu zituen bi pareteko jokaldiarekin. Martirenak ongi lagundu zuen partidu bizia sortuz. Sakearekin, zazpi tanto egin zituen eta peloteoan sei. Gorrietan Barrenetxeak, beste behin, partidu ona jokatu zuen. 17 tanto egin zituen, horietatik sei sakearekin, baina Goikoetxeak errestoan ez zuen konfidantzarik izan eta, agian,  hortik egin zien ihes garaipenak. Bi puntu merezi zituzten, nahiz eta azkenean bakarra lortu zuen.

Hala ere, gaur, aukera izango dute arantza ateratzeko Binakakoaren beste partidu batekin. Segurola eta Larrañaga izango dituzte aurkari jaialdiko bigarren partiduan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!