Agintari batek bi emakume ertzaini egindako laneko jazarpena salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Ertzainen Sindikatu Profesionalak (SiPE) jakitera eman duenez, ustezko erasotzailea kaltetuetako baten bikotekide ohia da.

Ertzaintzaren Sindikatu Profesionalak (SiPE) salatu du Hernaniko ertzain-etxeko bi agenteri ustezko lan-jazarpena egin diela komisaria bereko agintari batek. Xehetasunetan azaldu dutenez, gainera, bi emakume horietako baten bikotekide ohia da jazarpena egin duena. 

Sindikatuaren esanetan, bi ertzainek «etengabeko jazarpen-egoera dute lan-eremuan», horietako batek lankide batekin zuen harreman sentimentalari amaiera ematea erabaki zuenetik; Hernaniko ertzain-etxeko agintaria da erosotzailea, eta «agente horiek zerbitzuak ematen dituzte komisaria horretan».
Argitaratutako oharrean, SiPEk goragokoen «utzikeria» kritikatu du, kasu honetan ez delako ezer egin; izan ere, «duela hilabete baino gehiago» Hernaniko ertzain-etxeko bi emakumeren aurkako laneko jazarpenaren ustezko delitu baten berri eman zioten Laneko Jazarpenaren Bitartekotza Batzordeari eta Barne Arazoetarako Unitateari.

Unitate-buruek eta eta zerbitzu-buruek, mehatxuak
Sindikatuak azaldu duenez, emakume horiek «bi aldiz biktimizatu dituzte»: alde batetik, zerbitzu-buruaren «funtzioen utzikeriagatik», izan ere, diotenez, «ez du horri buruzko inolako jarduerarik egin»; eta, beste alde bestetik, «salaketa jarri ondoren unitatearen buruak ustez jasotako mehatxuengatik». Azken horren deskribapenean gehitu dutenez, unitatearen buruak esan zien diziplina-espediente bat irekiko ziela emakumeei «laneko jazarpenaren salaketarekin aurrera jarraitzea erabakitzen bazuten».

Helarazi dutenez, egoera horren aurrean, agenteek talde aldaketa eskatu behar izan dute, «nahiz eta horrela beren lana kaltetu eta familiaren eta lanaren kontziliazioa murriztu zaien». 

Sindikatuak azpimarratu du kasu hori «bereziki larria» bada ere,   ez dela laneko-kexen artean lehenengoa izan talde horretan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!