Elkartasuna adierazi die Kontseilu Sozialistak Sagastialdeko bizilagunei

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Hainbat adierazpen egin ditu Kontseilu Sozialistak Sagastialde 19 blokeko bizilagunen egoera dela eta. 

Kontseilu Sozialistaren arabera, pasa den astean, Hernaniko Sagastialde 19 blokeko 4 bizilagun etxegabetuak izateko arriskuan zeudela eta, haserrea adierazi dute: «gertaeraren berri eman eta etxebizitza publikoaren eta alokairu sozialera bideratutako proiektua zehatzaren mugak ikusarazteko batez ere». Kontseiluak dio Eusko Jaurlaritzako alokairu sozialeko etxebizitzak direla gazteen emantzipazio aukerak errazteko bideratutako proiektua: «baina ez du inolaz ere funtzio hori betetzen. Izan ere, egoera zaurgarrian dauden bizilagunak dira, ez dira gazteak eta euren egoera sozioekonomikoa aldatu ezin dutenak daude bertan. Beraz, bost urteko epea amaitu zaienean, ezin dute bizitzeko beste alternatibarik bilatu, eta instituzio publikoek kalean utzi nahi dituzte», ziurtatu dute. 

Hala ere, Covid-19aren «aitzakian» diote, hirugarren luzapena eman dietela bizilagunei: «beste 6 hilabetekoa. Arazoa konpontzetik urrun, familia hauek egoera zaurgarri berean eta kaleratuak izateko arriskuan jarraitu beharko dutenez, gure elkartasun osoa adierazteaz gain, etxebizitzaren problematikari aurre egiteko antolatzearen beharra azpimarratu nahi dugu. Eta argi utzi, gainera, alokairu soziala bezalako proiektuak konponbide gisa proposatzen dituzten arren, etxebizitzaren arazoaren aterabide bakarra etxebizitza doakoa, kalitatezko eta unibertsala izango dela. Hau da, etxebizitzak merkantzia izateari uztea ezinbestekoa dela». 

«Etxebizitza publikoak ere jendea kalean uzten du!»
Sagastialde 19 zenbakiko lau bizilagun etxegabetuak izateko arriskuan zeuden pasa den astean, eta honen harira, Kontseilu Sozialistak hauxe esan zuen:

«Sagastialde 19 zenbakiko lau bizilagun etxe gabetuak izateko arriskuan daude. Duela bost urte egokitu zitzaizkien zuzkidura-bizitokiak (etxebizitza dotazionalak) utzi egin beharko dituzte maiatzean lortutako sei hilabeteko luzapena igaro ostean. Lau etxebizitza hauek Eusko Jauralitzarenak dira eta Alokabideren bitartez administraturik, teorian, etxebizitzan sartzen zarenetik bost urtetan zure egoera ekonomikoa hobetzen den bitarteko aukera bat da. Errealitateak, ordea, erakusten du askok ez dutela aukera hori izan, are gutxiago langileriaren bizi-baldintzak okertzera daraman ofentsiba burgesean. Gainera kasu honetan, etxebizitza hauek 35 urtetik beherakoentzat badira ere, bertan beraien adin muga askogatik gainditu duen jendea sartu dute. Etxebizitza publikoak juridikoki etxebizitza partikularrengandik bereizita dauden arren, kontuan izan behar dugu burgesiaren begiradak mugatzen duela. Hau da, kapitalaren aukera ekonomikoak mugatzen dutela eta azken instantzian hauek ere, erosteko ahalmenagatik, poltsikoan dugun diruagatik mugatuak daude. Horregatik ezin ordaintzeak mota guztietako alokairuak kolpatzen ditu, izan jabe partikularra edo erakunde pribatu nahiz publikoa.

Kasu honetan ere argi geratu da, proletariotzaren zati haundi bati ukatu egiten zaiola etxebizitzara sarbidea; soldata baxuak, aldi baterako lanaldiak, langabeziak… bultzatuta instituzio publikoen laguntzak funtsezko elementua izaten badira ere, ez dugu ahaztu behar hauek klase dominantearen aldeko borrokan oreka bermatzeko funtzioa dutela; langileriaren egiturazko miseria arindu eta proletalgoak politika burgesarekiko duen menpekotasuna areagotuz.

Oraindik ere, proletalgoaren gehiengoarentzat instituzio publikoak bezalako erakunde burgesak dira bere iraupena ziurtatzeko bide nagusia, hori sustatzen dute alderdi politiko guztiek eta horrela izaten jarraituko du, antolakuntza proletarioak erreprodukziorako gaitasunak gero eta zati handiagoan bermatzen ez baditu behintzat (etxebizitza, janaria, arropa…). Horregatik, proletariotzaren kalitatezko laguntza bultzatzen dugun bitartean, ezinbestekoa da horien mugak seinalatu eta antolakuntza komunista eraberritzea.

Guzti honengatik, gure elkartasun osoa adierazteaz gain, gogor salatu nahi dugu lau bizilagun hauek bizi duten egoera. Izan ere, badakigu gaur hauek sufritzen dutena bihar beste edozein langilek sufri dezakeela. Gure autua argia da, kapitalaren erasoak neutralizatzen hasteko, klase elkartasuna antolatzea dagokigu, eta azken batean, etxebizitza doako, kalitatezko eta unibertsala bermatzeko baldintzak eraikitzea. Hau izango da etxebizitzaren arazoarentzako aterabide erreal bakarra». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!