EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioarekin, eztabaida

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 00:00

Jaione Aristregik eta Mattin Aldaiak irakurri zuten mozioa, Plenoan.

Bi alderdien botoekin onartu zen, interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzkoa.

Asteartean egin zuen ohiko bilera, Hernaniko Udaleko Plenoak. Eta aurreneko sei puntuak azkar landu bazituzten, eztabaida luzea izan zen azkenekoan: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioan, interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruz.

Azaroko dekretuen berri eman ondoren, Zerbitzu Sozialei buruzko puntuari heldu zioten. Adinekoen egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku geratu denez, Zerbitzu Sozialak desegin egin da, eta Udaleko sail bilakatu da. Hori horrela, udaleko hiru batzorde informatzaileetako ba­tean barneratu behar zuten: aho batez onartu zuen Plenoak, he­rritarrentzako zerbitzuen batzor­dera atxikitzeko proposamena.

2022rako taxi tarifei onarpena eman zieten segidan, horiei ere aho batez. Buruntzaldeako batzordearen proposamena onartu zuten, eta %2,9ko igoera izango dute, azkeneko urteetako KPIaren igoeraren araberakoa.

 

Erregelamendua onartuta, Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren harremana arautzeko

Ondoren heldu zioten, Hernaniko Udalaren eta Ereñotzuko Auzo Udalaren arteko harremanak antolatu eta funtzionamendua arautzeko erregelamenduari. Koro Etxeberriak azaldu zuen, 2010ean Ereñotzuko Toki Entitate Txikia sortu zenetik, «elkarlana eta komunikazioa» izan dela bi erakundeen artean, baina araudirik gabe; eta hori finkatzeko erregelamendua osatu dute orain, sei atalekin: xedapen orokorrak; antolaketa eta funtzionamendua; Ereñotzuko Toki Entitate Txikiaren eskumenak eta eskumen horiek baliatzeko ahalmenak; Toki Entitate Txikiaren baliabideak; bian arteko harremanak; eta beste erakunde eta entitate batzuekiko harremanak. Aho batez onartu zuten erregelamendua.

Beterri-Buruntza Mankomunitatea ere izan zuten hizpide Plenoan, eta bertan parte hartuko duten udal ordezkariak izendatu zituzten oraingoan: Xabier Lertxundi eta Patxi Ibarguren izango dira titularrak, eta beraien ordezkoak Oier Agirresarobe eta Ane Ibarburu, hurrenez hurren. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen botoekin onartu zen izendapena, eta abstenitu egin ziren EAJ eta PSE-EE.

Eta mozioari heldu aurretik, aho batez onartu zen hitzarmena, Bilbao Musika Eskolaren eta Hernani Musika Eskola Publikoaren lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko.

 

Interes Publiko Goreneko Proiektuen figurarekin, kezka

Eusko Legebiltzarreko eztabaidatzen ari diren lege bati egiten dio erreferentzia, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuten mozioak: Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektuari. EH Bilduko Ma­ttin Aldaiak eta Elkarrekin Podemoseko Jaione Aristregik eman zuten horren berri, eta azaldu zuten, EAJko eta PSE-EEko talde parlamentarioek proposatu dutela legea aldatzea, figura berri bat sortzeko: Interes Publiko Goreneko Proiektuak (IPGP). «Aldaketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio ustezko ingurumen hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura IPGP izendatzeko, baldin eta sustapen publikoa badago; hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa proiektuak... Gainera, ez zaie aterik ixten beste proiektu mota batzuei; hala nola, ekipamendu handiei edo bestelakoei, baldin eta ingurumenaren aldetik nolabaiteko justifikazioa badute. Neurri horrek kolokan jarriko luke indarrean dagoen lurralde antolamenduaren berme-sistema, eta eragin haundia izango luke udalen autonomiaren printzipioan». Eta diote, IPGP figura «lurralde eta hirigintza plangintzaren inguruan ezarritako adostasunaren aurkako erasoa» dela; «toki-eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzea, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko». Horregatik aurkeztu zuten mozioa, hainbat adierazpenekin: Udala IPGP figuraren kontra dagoela, eta «gure udalen toki-autonomiarentzat kaltegarria den eta toki-demokrazia urratzen duen beste edozein tresnaren» aurka dagoela; eta Eusko Legebiltzarrari eskatzea errespeta dezala udal-autonomiaren printzipioa eta lurralde-antolamendurako eskumenak garatzeko eta gauzatzeko duen ahalmena, egungo araudian ezarrita dauden bezala.

EAJko Andoni Amonarraizek adierazi zuen, legea ez dela be­rria, eta «obra haundiak egiteko» dela Legebiltzarraren lege proposamena, interes orokorra kontutan hartuta. Horregatik, nabarmendu zuen ez dutela ulertzen «zergatik ukatu behar zaion Euskadiri, dagoeneko beste toki askotan egiten dena». Xabier Lertxundi alkateak erantzun zion, «inpotentziatik» datorrela mozioa, «atzeko atetik» sartu diotelako EAJ eta PSE-EE alderdiek «emendakina beraien legeari, udalei eragiten diguten artikuluak txertatzeko Eudeletik pasa gabe. Ez dut ulertzen nola onartu dezakezuen lege bat, inposatu nahi digutena gure arau subsidiarioen gainetik, herritarren partehartzearekin onartzen direnak. Jokatzeko modua ez da zuzena izan, eta salatu nahi dugu gertatzen ari dena». Amonarraizek gaineratu zuen, ziur dagoela «denen aportazioarekin hobetu» egingo dela lege proiektua, eta «ingurumenaren onerako» izango dela.

EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoekin onartu zen mozioa, eta kontra bozkatu zuten EAJk eta PSE-EEk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!