'Gaur, bihar eta beti... Eman euskerari!'

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 00:00

Lander Ibarburu, Malores Etxeberria, Oier Agirresarobe, Marta Zulaika eta Xabi Ezponda.

Euskeraren Nazioarteko Eguna da gaur, eta Dobera Euskara elkarteak eguna «egunero» ospatzera animatzen ditu euskaldunak.

Gaur, abenduaren 3a, Euskeraren Nazioarteko Eguna bada ere, Dobera Euskara Elkarteak Euskeraren eguna egunero ospatzera animatzen gaitu. «Gure hizkuntza, gure nortasuna baita euskera». Gaur egun, Hernanin euskeraz bizitzea posible da; izan ere, hernaniarren ia %80k euskeraz ulertzen baitu. Erabilerari erreparatuz gero, hala ere, datuak asko aldatzen dira eta herritar gehientsuenek euskeraz jakin arren, %30ek baino gutxiagok erabiltzen dute herriko kaletan. Horrenbestez, argi ikus daiteke ezagutzaren eta erabileraren artean sekulako aldea dagoela.

Hori horrela, oraindik asko dago egiteko. «Eginez eta eraginez» lortuko da egoera aldatzea. Eta bidea luzea bada ere, Doberak saiakera txiki bat egitera animatu ditu euskaldunak. «Goazen denon artean euskerari bultzadatxoa ematera: Gaur, bihar eta beti... Eman euskarari!». 

Euskeraren Eguna ospatu zuten edota ospatuko dute bailarako eskoletan

Langilen, Elizatxon, Urumean, Txirritan, Aratzen, Astigarragako Herri Eskolan eta Xalto eskolan Euskeraren Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo edo ospatuko dute gaur. Urumea ikastolan jaieguna izaten dute gaurkoa. Dena den, egun berezi hau erdigunean jartzeko asmotan, atzo, ikasleek txandaka egin zituzten ospakizunak. Aterpean, gazteenek logo bat margotu zuten eta, horrez gain, kalejira txiki bat ere egin zuten.

Lehen Hezkuntzakoek, berriz, esaldiak osatu zituzten eta euskerazko adjektiboak ere karteletan itsatsi zituzten. Horrekin batera, photocalla ere jarri zuten argazkiak ateratzeko eta pankarta Ero, ero, euskeraz egunero leloarekin. Hori ez ezik, bideoa ere proiektatu zuten aurreko urteetan egindakoa laburbiltzeko, eta ikus-entzunezko bat ere prestatu zuten etxean konfinatuta dauden ikasleekin. Noski, urtero moduan, abestiak eta kantuak ere ez ziren falta izan.

Gaurkoan, aldiz, beste eskoletako ikasleek ospatuko dute Euskeraren Eguna. Langilen,  esaterako, hilabete honetan,  maila bakoitzak zerbait prestatu du beste maila batekoei azaltzeko (kantak, asmakizunak, jolasak, dantzak, antzerkiak…). Gainera, ikasturtean landutako bertsoak eta olerkiak plazaratu dituzte ikastolan. LHko ikasleei Zer eskatuko, esango,… zenioke Euskarari? galdera luzatu eta,  ondoren, erantzunak globoetan idatzi dituzte. Amaitzeko, ikastolan zintzilikatuko dituzte.

Bestalde, eraikin bakoitzean ekitaldi bana egingo dute. Ia ikastola guztietan pankartak  egin dituzte eta euskeraren aldeko abestiak eta koreografiak ez dira faltako.

Txandaz txanda irtengo dira kantu emanaldiak eskaintzera. Era berean, jolasak antolatu dira eta, oro har, denetarik egingo dute: herri kirolak, filmak euskeraz, leloak, horma irudiak, eta abar. Egun zoragarria dute aurretik, beraz, bailarako ikasleek.

 

'Erosi herrian, herrikoa eta euskaraz', kanpaina jarriko da martxan

Udala, Dobera Euskara elkartea eta Berriak Merkatarien elkartea elkartu dira erronka horri 2022. urtean elkarrekin ekiteko.

 

Saltokiak eta ostalaritza establezimenduak herria bizirik mantentzeko funtsezkoak izanik, bertan euskera sustatzea giltzarria da Udalarentzat. Hori dela eta, Udala, Dobera Euskara elkartea eta Berriak Merkatarien eta Ostalarien elkarteak elkartu dira erronka horri elkarrekin ekiteko. Horrela, bada, aurkezpenean izan ziren Oier Agirresarobe euskera zinegotzia, Malores Etxeberria euskera teknikaria, Lander Ibarburu eta Xabi Ezponda Doberako ordezkariak eta Marta Zulaika Berriakeko kidea.

Horrela, 2022ko urtarriletik ekainera bitartean, urtearen lehenengo sei hilabeteetan, herriko paisaje linguistikoan zentratuko direla ziurtatu zuten Dobera Euskara Elkarteko kideek. Hau da, fokoa jarriko dute aztertzean establezimenduetan nola dauden idatzita errotuluak, oharrak, menuak, weborriak, eta abar. «Antzematen ditugun hutsuneak gainditzeko laguntza ematea izango da gure helburua. Eta, lan horretan, herritarrak ere inplikatu nahi ditugu. Formulario bat irekiko dugu establezimenduetako paisajean antzemandako hutsuneen berri emateko, betiere hizkuntzazko laguntza behar duen establezimenduari laguntza hori eman ahal izateko (izan itzulpena, euskerazko materiala, aholkularitza edo dena delakoa)», adierazi zuten euskera elkartekoek. 

Bigarren seihilekoan, berriz, fokua «ahozko erabileran» jarri nahi dutela aipatu zuten, herriko establezimenduetan duten harremanetan euskera gailentzeko helburuarekin: «euskera jakin eta ulertzen dugun bezero eta dendariok euskera erabili eta euskerari eustea. Agirresaroberen esanetan, «gutxiengoak dira Hernanin euskeraren ulermenik ez duten dendari-tabernariak. Horiek zerbitzua euskeraz emateko adina gaitasun eskuratzen laguntzeko ere jarriko dugu programa bat abian».

Udalaren Euskera Sailak elkarlanean jardungo du Berriak Elkartearekin eta baita elkartekide ez diren gainerako establezimenduekin ere.

Gainera, Udalaren asmoa da lanean segitzea herriko dendetan eta tabernetan euskerak gero eta leku handiagoa izateko. «Lanean segitzea, bai herritik bai kanpoko beste erakunde batzuetatik datozen egitasmoekin bat eginez. Orain, esaterako, eskuartean dugu Eusko Jaurlaritzak sustatutako Betikoa. Gertukoa da kanpaina eta horrekin bat egingo dugu». 

Beraz, erosi herrian, herrikoa, eta euskaraz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!