'Hauts' dokumentala eskainiko dute datorren asteartean Biterin, amiantoaren gaia gizarteratzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 00:00

Abenduaren 7an jarriko dute, 19:00etan hasita. Egun hauetan eman dute amiantoarekin lotutako beste sententzia bat, Jose Luis G. hernaniarraren kasuari buruzkoa; eta gaur izango du epaiketa Juanjo langileak, Bekabi enpresarekin lotutakoa.

Puri-purian dago amiantoaren gaia, egun hauetan. Batetik, horri buruzko dokumentala sortu dutelako Asviamiek, Mondragon Unibertsitateak eta Basurde Produkzioakek: Hauts, amiantoaren kalteak jasotzen dituena, kal­te­tuen hitzetan. Eta Hernanin ere eskainiko dute, datorren asteartean, abenduaren 7an, arratsaldeko 19:00etan Biterin.


Eta bestetik, egun hauetan ere izaten ari dira amiantoare­kin lotutako epaiketak eta sententziak. Horietako bat da, Donostiako Auzitegiak eman duen epaia, Jose Luis Garcia hernania­rra zenaren kasuari buruz­koa. Auzitegiak erabaki du, 143.716,03 euroko kalte ordaina eman be­harko dietela Cofivacasa eta Si­­­­­­­­denor enpresek, Garciaren alar­gunari eta seme-alabei. Orbegozo-Acenorre­ko elektrizista izan zen Garcia, eta mantenu lanetan aritu zen 1966tik 1993ra.

2016an diagnostikatu zioten bi­ri­ketako minbizia, eta ebakuntza egin zioten; baina 2020an be­rriro eraman zuten ospitalera, biriketako minbiziak eta hezurretako zein burmuineko metastasiak era­ginda. 2020ko maiatzaren 23an hil zen. Auzitegiak erabaki du, enpresek erantzukizuna dau­katela Garciaren osasun kalteetan, amiantoarekin kontaktuan egon zelako.

Kontzentrazioa gaur, Donostiako Auzitegian
Gaur izango da beste epaiketa bat, amiantoarekin lotuta: Juanjo langileari eta Bekabi Eraikinak enpresa hernaniarrari dagokiena. Gizarte Segurantzak onartu zuen, langilearen pleura minbiziaren jatorria profesionala dela, eta ezintasun osoa aitortu zion. Asepeyo Mutuak, ordea, helegitea aurkeztu du, eta horri buruzko epaiketa egingo dute gaur. Asviamiek adierazi du, 49 urteko langilea amiantoarekin kontaktuan egon dela eraikinen errehabilitazio lanetan, honako enpresetan: Renovask, Restauobras, Teusa eta Bekabi. Baina Asepeyok dio, langilek ez zuela amiantoarekin kontakturik izan mutuak aseguratzen zuen Bekabi enpresan.


Asepeyoren jarrera salatu du Asviamiek, eta horregatik, kon­­tzentrazioa deitu du gaurko, goizeko 09:40etatik 10:10etara, langileari babesa erakusteko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!