«EAJk marra gorria gainditu du, diru publikoa poltsikoratzea egotzita»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 1a, 00:00

Hernaniko EH Bilduk gogor erantzun dio Andoni Amonarraiz EAJko bozeramaileak Kronikako Jasota Bezala atalean argitaratutako idatziari.

Azaroaren 18ko Kronikan argita­ratu zuen idatzi bat Hernaniko EAJko bozeramaileak, Andoni Amonarraizek, Jasota Bezala ata­lean; eta idatzi horri gogor erantzun dio Hernaniko EH Bilduk, prentsa ohar baten bitartez: «EAJk marra gorria gainditu du. Oposizioan egonda, Gobernua kontrolatzea eta kritika politikoa egitea bidezkoa da, nola ez; baina inolako oinarririk gabe diru publikoa xahutzea eta, are larriagoa, diru publikoa poltsikoratzea egotzi dio EH Bilduk gidatzen duen Gobernuari», salatu du.

Besteak beste, Amonarraizen idatziko zati honi egin dio erreferentzia EH Bilduk: Floridako egungo tunela haunditzeko [EAJren] proposamena aztertu nahi ez dutenez, geure buruari ondorengo galdera egiten diogu: Norbaitek irabazirik jasoko ote du bide hau egiteagatik bestea egin beharrean? Egia esan, ez dakigu zer pentsatu. EH Bilduk dio, «joko zitala eta zikina izateaz gain», oso planteamendu «sinplista eta demagogikoa» erabili zuela EAJk, «akusazio larri hori nolabait justifikatzeko».

Zentzu horretan, EH Bilduk dio «jai» izango genukeela, «edo­zein erakundetako Gobernu batek oposizioak proposatutako proiektu bat baztertzen duen bakoitzean diru publikoa lapurtzea leporatuko balitzaio». EAJk egindako proposamenari buruzko argibideak ere eman ditu EH Bilduk: «EAJk aurkeztutako proiektuari erantzun bat eman zaio, Hirigintza Sailetik argudio teknikoak eman zaizkio proposamena baztertzeko. Gobernua, Hirigintza Sailaren laguntzaz, ari da Floridarako proiektu desberdinak aztertzen eta, beti egin dugun bezala, Hernanirentzat eta hernaniarrentzat onuragarriena aukeratuko du. Baina Andoni Amonarraiz galtzaile txarra da, eta ezezkoa onartu ezinik, kasketa harrapatu du eta lokatzera eraman du jarduera politikoa. Ahoberokerietan eta jarduera politikoa lokazten, onartu behar zaio, oso trebea da EAJ».

Eta gaineratu du: «EH Bilduk akatsak egiten ditu, zalantzarik gabe; baina erakunde publikoak gobernatu ditugun urteetan erakutsi dugu mugitzen gaituen interes bakarra herriaren alde egitea dela. EH Bilduko hautetsi bat ere ez da aberastu jardun politikoaren ondorioz, ezta multinazional batean edo sozietate publiko batean zuzendari-aholkulari kargurik lortu egindako mesedeen ondorioz. EH Bildun ez gara lapurrak. Ozen eta harro esan dezakegu, beste alderdi batzuek ez bezala».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!