Hartubola probatzen hernaniarrak aitzindari, Goiz Eguzkik eta boleibol taldeak sustatuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 1a, 00:00
Bi emakume hartubolean, atzo goizean Hernaniko kiroldegian.

Boleibolean oinarritutako kirola da hartubola, baina edozeinek egin dezakeena. Euskal Herri mailan, Hernanin jarri dute martxan aurrenekoz. Urrian hasita, astean bitan ari dira saioak egiten, kiroldegian, 65 urtetik gorako herritarrekin.

Jarduera berria jarri dute martxan Goiz Eguzki elkarteak eta Hernani Kirol Elkarteko boleibol sailak, elkarlanean; eta aitzindari izan dira Euskal Herrian, gainera: hartubolean ari dira, 65 urtetik gorako herritarrekin, astean bi aldiz.

Boleibolean oinarritutako kirola da hartubola, baina edozeinek jokatu dezakeena: «adina, sexua edota elbarritasuna ez dira oztopo jokatzeko, eta horretaz konturatzeko, kiroldegian egiten ditugun saioak ikusi besterik ez dago», nabarmendu dute.

Astearte eta ostegunetan elkartzen dira Hernaniko kirolde­gian, eta egun bakoitzean bi txanda egiten dituzte: aurrenekoa 09:30etatik 10:30etara, eta bi­garrena 10:30etatik 11:30etara.

Une honetan, 30 herritar ari dira hartubolean, emakume zein gizon. 65 urtetik gorakoak dira denak, eta 85 urte ingurukoek ere hartzen dute parte. «Gehienek ez dute aukerarik izan bere gaztetasunean kirola egiteko, eta orain ohartu dira, kirola egiteko bakarrik ez, partiduak jokatzeko ere gai direla», diote Goiz Eguzkiko eta Hernaniko boleibol taldeko arduradunek.

 

Mexikon, 35 urteko ibilbidea

Kirol berria da hartubola gurean, baina Mexikon 35 urtetik gora daramazkite horretan jokatzen, gobernuak bultzatuta, ca­chibol izenarekin. Euskal Herrian, probatzen au­rrenekoak izan dira hernaniarrak; eta estatu mailan, Galizian eta Madrilen egin dute jardueraren bat.

«Herrialde bakoitzak izen bat jartzen dio, baina munduan zehar zabalduta dago modalitate hau; kasu batzuetan gaztetxoentzat, besteetan adin nagusiko­entzat; eta Israelen, adibidez, Ma­manet liga daukate, ama diren emakumeek bakarrik jokatzen dutena», azaldu dute.

Araudi bat prestatu dute Hernaniko boleibol taldeak eta Goiz Eguzkik: «eta dagoeneko, Donostiako zenbait jubilatu elkartek eskatu digute baimena, gurekin saio batzuk egin eta beraienean jarduera martxan jartzeko».

Hartubolaren inguruan, larunbatean argitaratuko du erre­portajea Kronikak.

Erlazionatuak

Hartubola probatzen, hernaniarrak aitzindari

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 30 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!