Ansa II.ak eta Martirenak, garaipena

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00

Urriza eta Labaka 31-40 gainditu zituzten Binakako Txapelketan eta bitik bi partidu irabazi dituzte. 

Ansa II.ak eta Martirenak 31-40 hartu zituzten mendean Urriza eta Labaka Binakako Torneoko laugarren jardunaldian, pasa den larunbatean, Galarretan. Bigarren garaipen honekin Ansa II eta Martirena lider jarri dira zortzi punturekin bi partidutan eta Urriza-Labaka zeuden bezala geratu dira, lau punturekin bi partidutan.
Urdinek gorriak erraz gainditu zituzten partiduaren tarte batean eta horrek garaipena eman zien. 2-20ko partziala erabakigarria izan zen Urrizaren eta Labakaren kalterako eta hori 12-5ekoan zazpi tantoko abantailarekin aurretik jarri zirela. 12-5ekotik 14-25ekora pasa zen partidua eta ondoren urdinek arazorik gabe eutsi zioten abantailari. Markagailua kontrolpean eraman zuten hamar tanto inguruko abantailekin (17-29, 20-32, 24-33, 27-37) azken 31-40ra arte.
Nabarmentzekoa da Ansa eta Martirena bi pelotari erasokorrak direla. Arriskatu egin zuten, eta 12-5ekotik 14-25ekora arte dena ongi egin zuten. 20 tanto egin zituzten eta bi erremontistek erasora jokatu zuten, Martirenak modu ikusgarrian atera zuen eta Ansak tantoak bata bestearen atzetik amaitu zituen.

Urnietako aurrelaria izan zen pelotari nabarmenena 24 tanto eta sei huts eginda, gehienak hasieran. Martirenak hamar tanto egin zituen eta sei huts, baina bere nagusitasuna zenbakiek adierazten dutena baino haundiagoa izan zen. Labakak ez zuen inoiz aurkariaren nagusitasuna gainetik kendu. Labakak zazpi tanto eta bi huts egin zituen, baina erritmoa markatu gabe. Urriza deseroso aritu zen eta distira falta izan zitzaion, 12 tanto eta bi huts egin zituen, zenbaki eskasak bere neurriko erremontista batentzat.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!